__________ Noiz arte?
Elizaren barruan izandako pederastia-kasuei eta sexu-abusuei buruz Espainiako Herri Defendatzaileren Bulegoak egindako txosten sakonaren ondorioak ezagutu behar izan dira, Gotzain-Batzarra zuzenean aipatutzat jo zedin. 48 ordu ere ez ziren igaro Herri Defentzailea den Angel Gabilondo berak Diputatuen Kongresuko Presidente Andreari dokumentua eman zionetik, eta gotzainen erantzuna genuen dagoeneko. Biktimekiko barkamen erdipurdikoa baino zerbait gehiago adieraztera behartuak ziruditen, txostenaren edukia eta egindako azterketa demoskopiko zabalaren emaitza, zifra eta xehetasun ikaragarriekin, eraisgarriak baitira. Ba ez. Gotzainen erantzuna eta balorazioa ezohiko azkarrak izan ziren arren -ia ia amnistiari edota monarkiari buruz ahoskatzen direnean bezain azkar-, ohituak gaituzten isiltasun konplizea aukera hobea zatekeen. Izan ere, emandako datuak gezurra direla azpimarratuz Espainiako Apezpiku Konferentziako Presidentea den Omella Kardinalari entzutea, jasanezinezko desegokikeria baita. Baina gero Katiximaren egietara jotzea -Eliza aldi berean santua eta beti purifikazioaren beharduna da- bere burua gaitzespen juridiko eta moral guztietatik kanpo dagoela kontsideratuz -hau da, Elizan abusuak baldin badaude, bekatuaz eta bekatariez gu geu arduratzen gara eta kitto- supremazismora oso gertu dagoen portaera ezmorala da. Testuinguru horretan, biktimei barkamena behin eta berriro eskatzea, hipokrita izateaz gain, lotsagabekeria ere bada. Hala da ere sexu-abusuen gaia Elizaren arazoa ez dela gizarte osoarena baizik ondorioztatzea. Dena den, hemen, Omella Monsinoreak arrazoi puxka bat duela esango nuke nik: Eliza ofizialak, haurren aurkako abusu eta sexu-indarkeria kasuen aurrean -ehunka edo milaka izan, bat bakarrik dagoeneko onartezina da- bere erantzukizuna bizkarra ematen jarraitzen badu, arazoa ez da Elizarena, Eliza bera da arazoa. Eta hala da erlijioso askorentzat ere, beren bizitza besteen zerbitzura zintzotasunez jartzen dutenen guztirentzat, hain zuzen.
Noiz arte?
➕➕➕ ➕➕➕ ➕➕➕
No hay comentarios:
Publicar un comentario