___________ Jokoaren arauak
Jon Rahm, Barrikako golflari bikaina, ahotan izan dugu azken egunotan. Oraingoan ez bere kirol arrakastengatik baizik eta, batzuen ustez, juxtu guztiz kontrakoagatik. Tertuliak eta sare sozialak iruzkinez betetzen dira, eliteko kirolari batek sinatutako mila zerokin kontratu bat eskandalutzat hartuz. Azken finean, Rahmek egin duena da irabazi-asmoko lehiaketa bat uztea antzeko baina askoz ‘eskuzabalagoa’ den beste batera pasatzeko: xeke asko, petrolioa eta petrodolarrak ditu Saudi Arabiak, munduko kirol-ekitaldirik eta kirolaririk nagusienak erosteko gai direnak. Beraz? Ba Quatarrek azken Munduko Futbol Txapelketarekin egin zuena saudiarabiarrek orain egin dutena da, besterik ez: bere erregimena zuritzea kirol-merkatuan petrodolarrak txertatuz. Gertatzen dana da duela hilabete batzuk Jon Rahmek esan zuen ez zuela diruz inoiz egingo, orduan gogor jotzen ari zaizkio. Eta nik neure buruari galdetzen diot, kasu honetan eta beste hainbestetan, nor ote den benetako hipokrita, ez zuela egingo esan zuenak eta egiten duen, edo horregatik eskandalizatzen garen gainerakoek. Partaide garen gizarteak ez du zintzotasun nahikorik besteren jarrerak epaitzeko, inori lezioak emateko. Eliteko kirol mundua, mozkinei eta emaitza-kontuei dagokionez, errukigabea da. Futbolean ere, hasieratik bukaeraino. Hurbilean ere bai. Ze gure klubek -batzuk besteak baino indartsuagoak, hori bai- kontratu estratosferikoen eta milioi askoko etete-klausulen liga berean jokatzen duten, geratzen direnak txaloen artean babesten dutena, alde egiterakoan txalo berberak sastakai bihurtuz. Jokoaren arauak jokoaz beraz haratago doaz: kluba bera marka bihurtu da, haren figura handiak martxan dagoen negozio baten ikurra dira eta biak, dirua biltzeko eta dibidenduak biderkatzeko primeran koipeztutako tresnak. Haien helburua? Nazioarteko Ligak eta iragarle nagusiak.
Partiduek 90’ irauten dute, luzapena- eta penaltiekin hala badagokio, onenak irabaz dezala. Merkatuak, etengabeko luzapenean, ez du inoiz galtzen. Inoiz ez.
💲 💲 💲