Mostrando entradas con la etiqueta Artikuluak. Iritzia. DEIA. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Artikuluak. Iritzia. DEIA. Mostrar todas las entradas

martes, 12 de diciembre de 2023

2023 12 12_DEIA, NdG eta DdNN_Jokoaren arauak 💲💲💲







___________ Jokoaren arauak

Jon Rahm, Barrikako golflari bikaina, ahotan izan dugu azken egunotan. Oraingoan ez bere kirol arrakastengatik baizik eta, batzuen ustez, juxtu guztiz kontrakoagatik. Tertuliak eta sare sozialak iruzkinez betetzen dira, eliteko kirolari batek sinatutako mila zerokin kontratu bat eskandalutzat hartuz. Azken finean, Rahmek egin duena da irabazi-asmoko lehiaketa bat uztea antzeko baina askoz ‘eskuzabalagoa’ den beste batera pasatzeko: xeke asko, petrolioa eta petrodolarrak ditu Saudi Arabiak, munduko kirol-ekitaldirik eta kirolaririk nagusienak erosteko gai direnak. Beraz? Ba Quatarrek azken Munduko Futbol Txapelketarekin egin zuena saudiarabiarrek orain egin dutena da, besterik ez: bere erregimena zuritzea kirol-merkatuan petrodolarrak txertatuz. Gertatzen dana da duela hilabete batzuk Jon Rahmek esan zuen ez zuela diruz inoiz egingo, orduan gogor jotzen ari zaizkio. Eta nik neure buruari galdetzen diot, kasu honetan eta beste hainbestetan, nor ote den benetako hipokrita, ez zuela egingo esan zuenak eta egiten duen, edo horregatik eskandalizatzen garen gainerakoek. Partaide garen gizarteak ez du zintzotasun nahikorik besteren jarrerak epaitzeko, inori lezioak emateko. Eliteko kirol mundua, mozkinei eta emaitza-kontuei dagokionez, errukigabea da. Futbolean ere, hasieratik bukaeraino. Hurbilean ere bai. Ze gure klubek -batzuk besteak baino indartsuagoak, hori bai- kontratu estratosferikoen eta milioi askoko etete-klausulen liga berean jokatzen duten, geratzen direnak txaloen artean babesten dutena, alde egiterakoan txalo berberak sastakai bihurtuz. Jokoaren arauak jokoaz beraz haratago doaz: kluba bera marka bihurtu da, haren figura handiak martxan dagoen negozio baten ikurra dira eta biak, dirua biltzeko eta dibidenduak biderkatzeko primeran koipeztutako tresnak. Haien helburua? Nazioarteko Ligak eta iragarle nagusiak.

Partiduek 90’ irauten dute, luzapena- eta penaltiekin hala badagokio, onenak irabaz dezala. Merkatuak, etengabeko luzapenean, ez du inoiz galtzen. Inoiz ez.

💲 💲 💲

martes, 5 de diciembre de 2023

2023 12 05_DEIA, NdG eta DdNNav_Abendua... 🎄🎄🎄

 














_______________ Abendua

Nire lagunik maiteenetako bat ezkor amorratua da, berak zintzoki ukatu arren. Beti botila erdi hutsik edo ia-ia ikusten du; berdin dio ilaran geratzea edo beste batera aldatzea zeren eta, azkenean, motelago doan kotxe ilaran autobideko bidesarira iritsiko baita; lurrera erortzen zaion gurinezko txigortuak, ezinbestean, alderik pringosoenetik egingo du. Laburbilduz, zerbait okerragotzeko modukoa bada, egingo duela pentsatzen duen horietakoa da. Hala ere, tipo zoragarria da. Abendua iristen denean haren berezko ezkortasuna desagertzen da ze itxaropen garai gisa eta hobera aldatzeko ikusten baitu. Berarentzat zorion-parentesi moduko bat da abendua, iristeko dagoen eta liluratzen dion Gabonetako garaia. Orduan gogoratzen diot nik zorionik jatorrenak ere bere argi-itzalak dituela. Zer egin dezaket ez bazait batere gustatzen abenduaren etorrerarekin derrigorrezki Gabonak has daitezela? Ez zait gustatzen, halaber, ohiko Gabonetako argiak, gero eta neurrigabekoak gainera, gero eta lehenago piztu ditzatela; ez dut jasaten, argi-asuntoa edo beste edozein burutazio aitzikitzat hartuta, bai Alkateen bai Hirien arteko modan jarri den lehiaketa haur eta sukartsua, auskalo ze apartako sari edo podiuma lortzeko; ez zaizkit gustatzen ere Hollywoodeko tankerako desfile handiak, ez gabonetan ez urteko gainerako egunetan; ezta, halaber, hiri guztiak igualak egiarazten dituzten hostorik gabeko Gabonetako izei modernoak, koloreduen bonbilekin eginda. Ados, egia da, ezin dut disimulatu: ez zait Gabonik batere gustatzen. Baina aitortu behar dut ere, haurren zoriontasun-adierazpenari begiratzearekin soilik, ahazten zaidala, haien emozioa sentituz, haien bidez gogoratuz iritsi behar duena gero eta hurbilago dagoela kaleko argi distiratsuek hala iragartzen dutelako.

Baina egia da, era berean, nahiago izan dudala gaur Gabonetako argi- eta kolorei buruz hitz egitea eta ez 2023ko abendu honetako politika lau haizetara astintzen ari den beste trapu eta argi koloredunei buruz. Aukera eukiko da. Seguru.


martes, 14 de noviembre de 2023

2023 11 14_DEIA, NdG eta DDNN_Politikari zor zaizkio ❌❌❌




__________ Politikari zor zaizkio

Azkenean, badirudi inbestidura egongo dela eta, dirudien arabera, lehenengo saialdian. Hau da, Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko presidente izendatuko dute Diputatuen Kongresuan gehiengo osoz, 173 botoz, duela lau urte baino 12 baiezko gehiagorekin. Nork esango zuen orduan, nork uztailean hauteskunde orokorrak egin zirenean, nork ziurtatuko zukeen baldintzarik gabe duela aste pare bat baino ez… Hala ere, egongo da esango duenik hori guztia eta askoz gehiago azaldurik dagola dagoeneko Sánchezek berak idatzitako 'Manual de resistencia" liburu famatuan, non bere buruari auto-egiaztatzen dion klase politikoko ikaslerik ausarti- eta hoberetzat. Beno, lehen pertsonan adierazita ez dirudi sinesgarria denik, dotore ezta ere. Dena den, hau dela edo bestea dela, etapaz etapa oztopoak gainditzen ari da Sánchez eta seguruenik, era berean, 'gero gerokoak' bere buruari esanez. Baina, egia esan, presidente izendatu, karguaren zina egin eta datorren gobernua osatu aurretik ere, etxeko-lanak eta betebeharrak mahai gainean pilatzen ari zaio, orain inoiz ez bezala. Apustu sendoa egin du, ezin zuen bestela izan, eta Moncloara ziztu batean iritsiko prest dago. Baina behin hara iritsita, auskalo... ze, daukan legealdiko dantza-karneta izenez, ekintzaz eta konpromisoz bete-betea dagoen, garaiz erantzute- eta kudeatzeke dago dena, bai epe labur, ertain edo luzera. Hitzemandakoak inprobisaziotik ihes egitea exijitzen du, Sanchezek egindako mugimendu bakoitzak behin eta berriz errebalida osoa gainditzea eskatuko diola eta. Gainera, edozein aktoren planterik txikienari aurrean, legealdiari agur. Tira, Politika, letra larriz, izena du honek. Espero dut, bai, Feijóok & Ciak -hain harro dirudite konpartitzen ez duten proiektu politiko zilegi baten aurkako kale-mobilizazioen buru izanez- euren printzipio-, proposamen- eta ekintzen defentsa, irmotasun handiagoz ere, kaleetatik Parlamentura behin betiko lekualdatzea.

Inork ez zuen esan Politikagintza errexa izango zenik baina hari zor zaizkio. Edo ez?
































❌❌❌    ❌❌❌    ❌❌❌