martes, 13 de mayo de 2025

2025 05 13_DEIA, DdNNav eta NdG_Agur! Egun handirarte, Pili... ❤️❤️馃挃


 
















___________ Egun handirarte, Pili maitea.

Pili Zubiarrain, emakume aparta izateaz gain, oso lagun maitagarria zen. Haren bat-bateko heriotzaren berriak suntsitu egin ninduen, gezurra iruditzen zait oraindik, baita bizitzaren jokoari iseka ankerra. 58 urteko kemena eta benetakotasuna, bai, baina eskuzabaltasuna gainezka eta diskrezioa haren nortasunaren ezaugarriak izan zirela uste dut. Horrela, zuzena egiten duela dakienaren lasaitasun eta irmotasunez, biolentoen gorrotoari aurre egin zion, inolako protagonismo-grinarik gabe. Eta bere ondorioez eta jasan beharko zuenaz erabat jabetuta egin zuen: mota guztietako mehatxuak, mespretxuak, eskratxeak, bere pertsonaren aurkako erasoak, bere bulegoaren kontra, bere ingurukoien kontra... Izan ere, Altzo -munduan bere lekua- oso ondo ezagutzen zuen lurralde baten erdian kokatua dago, non ezker abertzaleak garai hartan bizilagunei eta udalei egiten zien larderia, armak hartzen zituztenen diskurtso bortitzaren bozeramaile eta sufrimenduaren sozializazioaren eragile aktibo gisa eraikia, eguneroko konstante bat zen. Urteak eta urteak borroka eta erresistentziaz, ez zuen inoiz amore eman edo burua makurtu, ez abokatu gisa, ez jelkide militante gisa ezta Altzako alkatesa gisa ere. Hainbeste dira oroitzapenak... Duela ez asko, zaharberritutako Arretxe Baserrian, mahaia, babarrun lapiko bikaina bere sakramentu guztiekin eta bazkalondo luze bat partekatu genituen, Piliren sukalde horretan bakea eta konplizitatea arnasten zen... gogoratzen dut gauzak esateko zuen modu barea, esaldi baten amaieran geldituz, erdi irribarre batekin mintzakideari erronka eginez... geure erabakia da nola bizi, Elena ... beti eztabaida eta hausnarketa eraginez, abertzaletasuna, duintasuna eta hutsegiterik gabeko memoria aldarrikatuz.

Duela egun batzuk gure lagun komuna oroituz Patxi Agirrek idatzitakoa irakurri nuen, ze politta esana... Haren baimenarekin, emandako azken agur zirrara eta zinezkoa, bera zen bezala, partekatu nahi dut: Zure eredua, gure bidea da. Agur eta ohore. Egun handirarte, Pili maitea.



❤️❤️馃挃

martes, 6 de mayo de 2025

2025 05 06_DEIA, DdNN eta NdG_Hau espektakulua...

 




















_________ Hau espektakulua...

Joan den astelehenean hankaz gora jarri gintuen penintsulan hornidura elektrikoaren mozketa orokorretik astebete bat, juxtu. Eta egia bada ere guztiok izan genuela eragina, normaltasunera itzultzea goiztiarragoa izan zen puntu geografikoren arabera, energia-geldialdiaren ondorioek ez gintuzten denok berdin kaltetu. Baina horraino desberdintasunaren jokoa. Izan ere, batzuk eta besteak ordutik gelditu gabe egiten ari diren adierazpenek -itzalaldiaren arrazoiei eta haren ondorioei buruz, agintean nor zegoen, nor dagoen orain, gertatutako hondamendia eta berriro gerta daitekeena nola kudeatu behar den, energia nuklearra, berriztagarriak etabar- den-denok berdin zorabiatzen gaituzte. Politikari gutxi batzuk izan ezik, hau espektakulua: sozialistak, kritikei eta informazio arina eta argigarriagoaren eskaerei bere burua erresistituz; popularrak, den-dena lokaztuz. Hau da, gobernu-kudeaketari oposizio eta kontrol-lana irizpide, zorroztasun eta kaudimen osoz oinarritzeko arrazoi pila bat egonik, borroka zikina eta sektarismo-salaketak nahiago dituzte PPkoek eta, bueltaz, PSOEkoak jarrera berdinarekin erantzunez. Gehi dezagun igande gauez gertatutako kobre eta segurtasun kableen lapurretaren ondorioz sortu zen eta Madril-Sevilla abiadura handiko lineari gaur egun ere bete-betean eragiten dion kaosa eta, hara! ekaitz perfektua dugu dagoeneko. Aste honetako Kongresu eta Senatu osoko bilkurei begira, elkar ulertzeko eta akordiorako giro benetan egokia, aproposakoa bai… Eta ezer falta ez dadin, jar ditzagun mahai gainean ere Trumpen muga-zergei buruzko eztabaida, armamentuan eta segurtasunean egin beharreko inbertsioa eta Israelekin egindako kontratu polemikoak. Hau denarekin lotuta, informazio-itzalaldiaz ari dira batzuk ere.

Orduan, zer esan Israelek Gazako zerrendan egindako enegarren erasoaldiari eta mantentzen duen blokeoak eragindako goseteari buruzko isiltasun konplizeaz? Zibilizatutzat hartzen dugun mundua ez begiratzen tematzen den egun-argiz izandako genozidioa. Jasanezina…

martes, 29 de abril de 2025

2025 04 29_DEIA, DdNNav eta NdG_ Ama eta haren intrigak vatikanoarrak'



_________ Ama eta haren intriga vatikanoarrak

Azken egunotan letra handiekin idatzitako albistea, Bergoglio Aita Santuaren heriotza izan da. Bai gogor tristatzen nau ze orain eta beti arreta handiagoa eta proiekzio mediatiko askoz handiagoa eragin beharko luketen beste berri batzuk egunero gertatzen baitira. Bizi garen mundu zoroari hobeto joango litzaioke akaso, baina hau beste istorio bat da. Egia esan, orain, garai honetan, non bide guztiak Erromara doaz, asko gogoratu naiz nire amaz, izugarri gustokoa zituen berak deitzen zizkien intriga vatikanoarrak. Ba bai... Vatikanoarekin eta segidako Aita Santu-, izen handiko Kardinal- eta etxeko beste kontu batzuekin zerikusia zuten pila bat istorio gogoratzeko gai zen ama. Izan ere, gure familiarengandik oso hurbil zeuden bi pertsonak erantzukizun-karga izan zuten Egoitza Santuan: bata, ate barrukoa, intendentziaren egunerokotasunean -lehen mailako gobernari izatera iritsi zen gure Juncal, Irungo erlijiosoa- eta bestea, aldiz, lau haizetara, gure monsinore partikularra eta maitagarria, apaiza, legelaria eta poliglota sutsua, hamarkadetan Vatikanoko diplomatura gorenean zerbitzatu zuena. Baina Vatikanoko intrigak nere etxeko eguneroko ogi mamitsua zirela nion -Luciani Aita Santuaren bat-bateko heriotzarena -33 eguneko aitasantutzak soilik- denetarik handiena seguruenik-, esaten nizuen ere nire ama, irribarretsu, egun eta egunetan gure erretina erakartzen izan duten irudi guzti-guztien zain ikusten nuela, zer pentsatuko ote zuen galdezka. Eta, hara! Sare sozial batean, bere burua agnostikotzat jotzen zuen neska gazte bati honako mezu hau entzun nion Francisco Aita Santuaren ondarea balioetsiz: erakutsi dit fedea gizatasuna erakusteko era bat dela, mundua leku hobe eta inklusiboago bihurtzeko kapaza. Hori zen ere nire amaren fedea...

Baina berari, aurkitutako beste mezu bat gehiago gustatuko litzaioke: hurrengo Aita Santua Franciscoren hiletan egon da baina inork ez daki nor den. Egi santua. Era berean, beste intriga vatikanoar bat hemendik gutxira argiturik.

Pater, ama… muxuk zezura... 馃挋馃挋