Arrakastaz hiltzea ___________
Joan den astean Madrilen izan zen NATO Goi-bilera.
Sánchez gobernuak egin izan zezakeen aurreikuspenik onenek ere, inoiz ez zuten
izandako arrakasta asmatuko: primerako antolakuntza, nabarmena; eskandalurik
ez, jakin dezaukogun behintzat; dokumentu estrategiko berri bat sinatuta,
hamarkadetarako ‘Madrilgo Adierazpena' izenarekin ezagututa, tira, Madriletik
zerura; inork irakurtzen ez dugun ‘kronika arrosa’ oso konten dago ere,
espainiar ardo baten laguntzaz agian, munduko lider nagusia Sánchezen emazteak duen 'liztor-gerritik'
besoa pasatzearen argazkia munduan zehar zabaldu delako; eta, urrezko letrakin
bukatzeko, Joe Bidenek egindako azken adierazpen publikoak non, Sanchezen
lidergo politikoa goraipatuz, Estatu Batuetako aliatu sendo- eta
ezinbestekotzat aldarrikatu egin duen. Nork esango zion holakorik Zapatero
gaixoari… La vie en rose? Hala badirudi ere, inola ez. Europako tripetan
bizi garen gerrarik gabe, Madrilgo Goi-bilera sinple-sinplea izango zatekeen,
zalantzarik ez. Ukraniaren aurkako Rusiak hasitako gerrak den-dena aldatu du:
NATO bera errautsetatik berpiztea lortu du; bat eginez jokatzeko prest daude
Europako estatu guziak baina, era berean, gero eta nabarmenago Washington
menpe; testuinguru honetan, adi egon: Espainiak % 10,2ko KPIa dauka, 37
urteetan indizerik handiena; azkenik, gosetea- eta egundoko beharraren
ondorioz, Europara iristen ari diren migratzaileen uholdeak in crescendo
joango direla datu zehatza eta eztabaidaezina da. Ba, Madrilgo goi-bileratik
iritsitako errealitate horri erantzuna erdiragarria izan da: konpondu beharreko
giza arazo bat ikusten beharrean, estatuen egonkortasun- eta segurtasunaren
arrisku bezala hartzen da, mafien kontu bat, terrorismorako aproposako tresna.
Horra hor ba, Melillako hesian sarraskiari
-30 migratzaile hilak- Sánchezek zabaldutako mezua: (sic) ondo
konpondua. Eta kitto.
Madrid 2022, NATO Goi-bilera historiko bat, Sánchez
Presidentea poz-pozik, arrazoiak ditu. Baita arrakastaz hiltzeko ere. Ikusiko.



