martes, 9 de mayo de 2023

2023 05 09_DEIA eta DdNNav_Justizia soziala ⚖ ⚖




 







_______ Justizia soziala 

Datorren astean hasiko da ofizialki 2023ko udal hauteskundeen kanpaina, Euskadin eta Nafarroan foru hauteskundeak dira ere eta Madrilen, adibidez, baita autonomikoak ere. Legeak berak 15 egun hauetan zehar dagoeneko ezarrita dauden arauak errespetatzera behartzen ditu denok. Baina, gero eta lehenago hasten den kanpaina-aurreko deritzonean ez dago bat ere, hemen barra libre: gehiegizko dialektikoaren eta demagogiarik lizunenaren makineria koipeztatzea da kontua. Hala eta guztiz ere, aitortu behar dugu aktore politiko guztiak ez direla lotsagabekeria berarekin moldatzen lohi honetan, ze askok, betidanik, haien kargua eta hiritarrak errespetatzea dakiten. Beste batzuek, aldiz, xapapote horretan iraulkaturik gustura sentitzen dira. Esate baterako, Isabel Diaz Ayuso eta bere ideologo nagusia, Miguel Ángel Rodríguez, eskrupulurik gabeko tipoa baina oso-oso zorrotza bere betebeharrekin: Ayuso = gehiengo osoa eta kitto. Eta horretan ari dira biok. Urrutira joan gabe, duela egun batzuetako Ayusok zabaldutako perla: "Justizia soziala ezkerraren asmakizun bat da klase-borroka, herra eta inbidiaren kultura sustatzeko (sic). Hona hemen berriro batzuek eta besteek primeran kakaratzen duten 'ezker-eskuin' xelebre tandem-a. Baina Ayusok egindako justizia sozialari apelazioak -baieztapena barregarria izan eta laster iritsiko diren erantzunen zain egon arren- barrutik astindu nau. Izan ere, nire kultura politikoan zerbait erroituta badut -Agirre Lehendakariaren garaikideak izan ziren etxeko zaharrenen legatua- Agirrek berak, ordezkari publiko zein jeltzale gisa, gure aberria defendatzeko konprometitu zituen printzipioak dira, indarrean irmo jarraitzen direna: pertsonen askatasuna eta duintasuna aitortzea edozein dela ere haien egoera, kohesioa eta justizia soziala.

Kalkulu elektoraleko profesionalek, epe laburrekoek eta gaitzustean ibiltzen diren besteei halanola etiketatzea helburu politiko bihurtu dutenek, etxetik kanpo zein barne, kontuan har dezatela: irakaspenik, ezta bakar bat ere ________________________________________________

      

martes, 2 de mayo de 2023

2023 05 02_DEIA eta DdNNav_Hau meritoa, hau komerie 🏠🏠🏠



















__________ Hau meritoa, hau komerie   

Ba dirudi Etxebizitzarako Eskubidearen aldeko Legea –Diputatuen Kongresuan Lege Proiektuaren testua joan den astean onartu zen, Senatutik igarotzearen zain orain– maiatzaren 28ko hauteskundeak baino lehen BOE delakoan argitaratuko dela. Haien babesle nagusiek harro azpimarratzen dutenaren arabera, demokraziaren historiako lehen Etxebizitza Legea da, hau meritua... Ez naiz orain eskumenak esleitzeaz edo inbaditzeaz, hainbesteren protagonismo edo abagune politikorako grinaz, Lege-edukiaren gainetik unea pribilegiatzera daramaten interesez edota bere dimentsio mediatikoaz ari, baizik eta ikusten den errealitateaz eta herritarrak errespetatzeaz. 1978ko Konstituzioak etxebizitza duin bat izateko eskubidea funtsezkotzat hartzea ez da harridura edo miresmena eragin lezakeen zerbait, gorora dezagun horrela onartuta zegoela jadanik nazioarteko arauetan. Harrigarri- eta miresgarritzat jo beharko litzatekeena da, alde batetik, Konstituzioa onartu eta 45 urtera, 47. artikuluak asmo-adierazpen hutsa izaten jarraitzea -ez oso asmo onekoak, hain zuzen- eta, bestetik, nahita ere izan arren, ondoz ondoko PSOE- eta PPren gobernuek ez izan izatea gai artikulu horrek aldarrikatzen duena babesteko, hau da, etxebizitza duin bat izateko eskubidea hori bermatzeko, batez ere pertsona ahulenentzat, baliabiderik egokienak erabiltzera bere burua behartuz. Aitzitik, alde bakarreko politikak bultzatu dituzte, lurzoruaren erabilera arautuz -Estatuko eskumen esklusiboa- interes orokorraren beharrei bizkarra emanez eta espekulazioari mesede eginez. Hola, herritar-eskubide bihurtu beharrean, etxebizitza kontsumorako eta inbertsiorako ondasun eta lehen mailako espekulazio-elementu bihurtu da, krisi ekonomikoaren garaian bereziki. Eta etxebizitza arloaren eskumen esklusiboak dituzten autonomía-erkidegoek arduragabekeria honetatik darion bidesaria ordainduz.

Primeran ba, Podemos eta PP konpartsa eginez, baita EH Bildu ere, Sanchezen PSOEk demokraziaren historiako lehen Etxebizitza Legea eskeintzen digu. Hau meritoa, hau komerie __ 


🏠🏠🏠

martes, 25 de abril de 2023

2023 04 25_DEIA eta DdNNav_Iñaki de Mujika... AGUR! ❤️❤️💔

 

___________ Iñaki de Mujika

Sarritan, asteko zutabe hau bideratzeko, gaurkotasun-ahotsei men egiten diet, gai gori-gori bat komentatzeko beti dagola eta. Beraz, berri interesgarriak edo adierazpen mamitsuak badaude, oso zaila da alde batera uztea, artikulugile profesionalek lehen esan ez duten esateko zerbait daukadala ustean inoiz ez erortzen saiatuz, noski. Dena den, ongi etorriak izan daitezela iritzi aske eta propio guziak. Tira ba, joan den igandean ospatzen genuen Liburuaren Egunak aukera desberdinak eskeintzen zizkidan aurkitu ahal izateko idatzi honetarako gai eder bat baina bertan behera geratu zen, gizon ezin hobe eta oso maitatuaren heriotzaren berriarekin Bidasoaldean esnatu ginela eta. Iñaki de Mujika zen, kazetaria, komunikatzaile bikaina, irrati, kirol eta bere kirolari zale amorratua, eta bere bizitzako klubez zoroen moduan maiteminduta50 urte CD Bidasoako bazkide zela, urrezko urteetan zein urterik zailenetan hor egon da, inoiz ez zituen alde batera ekipoa eta zaletuak utzi, Irungo eskubaloiaren kemena harrotasunez aldarrikatuz; Erreala-zale peto-petoa zen baina Irungo Real Union historikoarekiko zeukan hautsiezinezko loturaren gainetik inoiz ez; eta itsasoari begira, arraunak gora!, Hondarribiko 'Ama Gudalupekoa' traineruaren berdeaz margoturik zeukan bihotza. Tipo xarmagarria eta gertua, erretranka burutsua eta garbia zuen eta entzutea zekien aparteko hizketaria zen, lagunen laguna, mila istoriotan konplizea, edozein eta edonon laguntzeko prest, zelako besarkadak bereak! Eta besteek bera besarkadatzea ere nola gustatzen zitzaion… Oso pertsona estimatua zela egiaztatzeko, sare sozialetan eta edozein egunkaritan zehar buelta bat ematea besterik ez da egin behar. Liluragarria, bai ondare ederra berea... Gaur beste edozeri buruz idatzi banu, nire baitan entzuten dudan ahotsa ixilduko nukeen, Iñaki asko maite dudala berriro esatea bultzarazten didan ahotsa, ozenki eta umiltasun osoz.

Faltan botako zaitut, figura… Hitz ematen dizut ez dudala negar gehiagorik egingo. Saiatuko naizela diot.