martes, 19 de septiembre de 2023

2023 09 19_DEIA, Ndg eta DdNNav_Hain urrun, hain gertu... 馃枻馃枻馃枻

 






______ Hain urrun, hain gertu. 

Komunitatean bizi den gizakiaren lehen arrastotik, ezin ukatuzko ziurtasuna da pobrezia eta ahultasuna estuki lotuta daudela. Hondamendi naturalak, gerrak eta gainerako gatazka armatuak, goseteak, atzean utzitako izugarrikeriaren sine die luzapenak, status quo jasanezinak... ahulenekin grinatu egiten dute beti. Berdin dio historiaurreaz edo egungo momentuaz hitz egiten badugu, tragediek modu esponentzialean biderkatzen baitute beren eragin hilgarria muturreko pobreziako gizatalde edo eremuetan. Naturaren indarrak, aldez aurretik abisatu gabe lehertzen denean, babesgabezia  eragiten du ezinbestean zaurgarrienengan, baina gizakiaren neurrigabeko ekintzak, inoiz baketsua ez denak, mutur jasanezinetaraino zorrozten du. Eta horixe izan da, halaber, egun hauetan bizi izandako bi tragedien izendatzaile komuna: Marokoko historiako lurrikararik indartsuenak Atlaseko eskualde apal eta ahaztuenak kolpatzen ditu, eta, Libian, Jainkoaren eskutik utzitako bi presa zaharkituen euste-hormak leherraraztu dituzte euri-jasek, Derna hiriko zenbait auzo aurretik eramanez. Bi kasuetan, milaka hildako eta desagertu. Laburbilduz: zorigaitzek ez diete berdin eragiten aberatsei eta pobreei, unea iritsitakoan desastrearen ondorioak kaltetutako eremu eta komunitateen prekarietateari esker handituko baitira. Baina benetan tragikoa dena geroxago dator, in situ laguntza eta kooperazio mordoaren, biktimen zenbaketaren eta kalte ekonomikoen kuantifikazioaren ondoren, arrazionaltasunaren puxika -baita ondo ulertutako elkartasunarena ere, hau da, egin dezagun karitatea alde batera- hustu egiten da. Munduko leku ahulenetan aukera gutxiago du jendeak hondamendien ondorioetatik berreskuratzeko, pobrezia-egoera larriagotu eginez, hortik ateratzea ia ezinezko bihurtuz, sorgin-gurpila… Holako patroiak bideratu eta gainditu ahal izatea estatuen esku dago, beraz gizakien esku. Ez ekiteko inongo aitzakirik ez egon arren, aurrean dagoen bidea luzaroz doa. Borondaterik al dago?

Hain urrun, hain gertu. Mugarik ez.




馃枻馃枻馃枻

martes, 12 de septiembre de 2023

2023 09 12_DEIA, DdNNav eta NdG_Urrezko arau hirukoitza hitz batean: errespetua. 馃挍馃А馃挏

 




_______ Urrezko arau hirukoitza

Iraileko lehen egunetan udarako itxiera ofiziala markatu ohi da: hiribildu- eta herrietako azken ospakizunak ditugu, azken herri-jaiak, aipatu beharra ba zein Alarde bizi izan dugun aurten Hondarribian, egundokoa, zirraragarria; arraunzale amorratuoi ez diezagutela falta izan ere Kontxako Banderaren emozioa… Zorionak, Donostia Arraun Lagunak! Zorionak, Urdaibai!; edo txikien eskolara bueltako ordutegiak, ezinbestekoki etxeko bakea hankaz gora jarriz, lana eta familia bateragarri nola egitea eta abar. Tira, abiyua erreskuratzea besterik ez dago, pausoz pauso, beti aurrera. Eta aurten, nobedade bat dago gaurkotasun politikoari dagokionez: udako hauteskundeak pasata, normaltasunera itzulia aidean dago oraindik eta ezin iragarrizkoa da. Hastear dagoen Espainiako ikasturte politiko berria bezala: inbestidura-eztabaida pare batekin gure aurrean; Puigdemont, inor izateaz, nagusien-nagusitzat jokatzen barregarrikeriaren beldurrik gabe; Feij贸o iparra galdurik, etengabeko kontraesanean; Sanchez ezkutaturik, berari dagokiona besteei egiarazten utziz akaso?; Espainiar politikaren izen zahar batzuk okasiorako berreskuratuak aproposako mezuak, bai txalotuak bai arbuiatuak, lau haizetara zabaltzeko; eta, azkenik, nola ez, EAJ, dianaren erdi-erdian ohi den bezala, beti gaitz guztien eta inboluzio-arrisku ororen errudun, berdin dio bizi garen kaosaren benetako erantzuleek aurre egin edo konpondu nahi edo jakin ez dutena, hain zuzen, hau komerie… Tom Wolfek idatzitako "Banidadeen sua" eleberrian bezala, eztabaida dialektikoak eta ezberdinen arteko lehia politiko noblea hipokresia eta itxurazko joko bihurtu dituzte askok, non bakoitzak unean uneko komenientziei men egiten dien, konpromiso ororen urrezko arau hirukoitza alde batera utziz: emandako hitzari, aurkariari eta geure buruari errespetua. Hau falta bada, zer espero?

Bizitzaren edozein arlotan gure helburuak lortzeko aukeratzen ditugun bidea eta baliabideak funtsa, mamia badira, politikagintzan are gehiago dira. Denak ez duelako balio... _______________






馃挍馃А❤️馃挋馃挌馃挏

martes, 5 de septiembre de 2023

2023 09 05_Deia eta DdNNav_Errekorrak 馃挏馃挏馃挃


_______ Errekorrak

Aurtengo uda errekorra izan dela diote: izugarri tenperaturak eta bero-boladak, euri-jasak, turismoa, lan-okupazioaren tasa eta abar, egunez egun egunkari- eta komunikabideen berri bakar edota nagusi bihurtuz. Horra hor, halaber, Rubiales kasu deiturikoa eta bere eratorri ezberdinak, laudagarrienetatik lotsagarrienetaraino, denetarik izan baita. Bada beste errekor erregistro bat, besteen distira mediatikoen artean berriro ere opakatua geratzen dena, guztietarik zaurgarriena izan arren. Indarkeria matxistak, uztailan eta abuztuan soilik, 16 emakume erahil duela ari naiz, hau da, hilero 8 bana -irailaren hasieran beste bi gehitu egin gabe-, azken 20 urteotan udara tragikoenetakoa izanez. Baita Berdintasun Ministerioak udara honetan deialditutako deituriko Krisi Batzorderen bi saio aipatu nahi ditut ere. Neurri hori 2022ko uztailean jarri zen abian, indarkeria matxistaren gorakaden arrazoiak eta, ex ante, biktimak detektatzeko edo babesteko zein mekanismok huts egin ote zuten aztertzeko asmorekin. Atzo egindako bilera berriro etsipen berri eta lotsagabe bat izango ote den, aurreko 4 aldietan izan diren bezala, galdetzen diot orain neure buruari. Eta neure buruari galdetzen diote ere ea berdintasun-arduradunei exijitu ahal izango litzaiekeen, betiko adierazpen dramatiko berberak errepikatzeaz gain, beren lana betetzeko eta prometatzen duten guztia ekintza zehatz eta nabarietan ezartzeko erabakia har dezateela, ez baitago itxaropen huts bakar bat ere gehiago egiterik beren ministerioko korridoreetan. Esate baterako: abuztuaren 1ean egindako bileran indarkeria matxista ukatuz ultraeskuinak zabaldutako mezuei egotzi zitzaien hilketen gorakada, eta kitto. Lerro hauek idazterakoan, ez dakit atzoko bilerako bonusa zein den baina Ministerioko bozeramailek aurrez adierazitako argudioa (sic) urtaro-faktorea genero-indarkeria jasateko arriskua areagotu egiten duela da. Hau da, ultraeskuinaren trikimainak eta udara bera berritasun mailara igota, auzo lotsa.

Ironia aparte, hau porrota...








馃挏馃挏馃挃