______ Hain urrun, hain gertu.
Komunitatean bizi den gizakiaren lehen arrastotik,
ezin ukatuzko ziurtasuna da pobrezia eta ahultasuna estuki lotuta daudela.
Hondamendi naturalak, gerrak eta gainerako gatazka armatuak, goseteak, atzean utzitako
izugarrikeriaren sine die luzapenak, status quo jasanezinak...
ahulenekin grinatu egiten dute beti. Berdin dio historiaurreaz edo egungo
momentuaz hitz egiten badugu, tragediek modu esponentzialean biderkatzen
baitute beren eragin hilgarria muturreko pobreziako gizatalde edo eremuetan.
Naturaren indarrak, aldez aurretik abisatu gabe lehertzen denean, babesgabezia eragiten du ezinbestean zaurgarrienengan,
baina gizakiaren neurrigabeko ekintzak, inoiz baketsua ez denak, mutur
jasanezinetaraino zorrozten du. Eta horixe izan da, halaber, egun hauetan bizi
izandako bi tragedien izendatzaile komuna: Marokoko historiako lurrikararik
indartsuenak Atlaseko eskualde apal eta ahaztuenak kolpatzen ditu, eta, Libian,
Jainkoaren eskutik utzitako bi presa zaharkituen euste-hormak leherraraztu
dituzte euri-jasek, Derna hiriko zenbait auzo aurretik eramanez. Bi kasuetan,
milaka hildako eta desagertu. Laburbilduz: zorigaitzek ez diete berdin eragiten
aberatsei eta pobreei, unea iritsitakoan desastrearen ondorioak kaltetutako eremu
eta komunitateen prekarietateari esker handituko baitira. Baina benetan
tragikoa dena geroxago dator, in situ laguntza eta kooperazio mordoaren,
biktimen zenbaketaren eta kalte ekonomikoen kuantifikazioaren ondoren,
arrazionaltasunaren puxika -baita ondo ulertutako elkartasunarena ere, hau da,
egin dezagun karitatea alde batera- hustu egiten da. Munduko leku ahulenetan
aukera gutxiago du jendeak hondamendien ondorioetatik berreskuratzeko,
pobrezia-egoera larriagotu eginez, hortik ateratzea ia ezinezko bihurtuz,
sorgin-gurpila… Holako patroiak bideratu eta gainditu ahal izatea estatuen esku
dago, beraz gizakien esku. Ez ekiteko inongo aitzakirik ez egon arren, aurrean
dagoen bidea luzaroz doa. Borondaterik al dago?
Hain urrun, hain gertu. Mugarik ez.
No hay comentarios:
Publicar un comentario