martes, 12 de septiembre de 2023

2023 09 12_DEIA, DdNNav eta NdG_Urrezko arau hirukoitza hitz batean: errespetua. 💛🧡💜

 




_______ Urrezko arau hirukoitza

Iraileko lehen egunetan udarako itxiera ofiziala markatu ohi da: hiribildu- eta herrietako azken ospakizunak ditugu, azken herri-jaiak, aipatu beharra ba zein Alarde bizi izan dugun aurten Hondarribian, egundokoa, zirraragarria; arraunzale amorratuoi ez diezagutela falta izan ere Kontxako Banderaren emozioa… Zorionak, Donostia Arraun Lagunak! Zorionak, Urdaibai!; edo txikien eskolara bueltako ordutegiak, ezinbestekoki etxeko bakea hankaz gora jarriz, lana eta familia bateragarri nola egitea eta abar. Tira, abiyua erreskuratzea besterik ez dago, pausoz pauso, beti aurrera. Eta aurten, nobedade bat dago gaurkotasun politikoari dagokionez: udako hauteskundeak pasata, normaltasunera itzulia aidean dago oraindik eta ezin iragarrizkoa da. Hastear dagoen Espainiako ikasturte politiko berria bezala: inbestidura-eztabaida pare batekin gure aurrean; Puigdemont, inor izateaz, nagusien-nagusitzat jokatzen barregarrikeriaren beldurrik gabe; Feijóo iparra galdurik, etengabeko kontraesanean; Sanchez ezkutaturik, berari dagokiona besteei egiarazten utziz akaso?; Espainiar politikaren izen zahar batzuk okasiorako berreskuratuak aproposako mezuak, bai txalotuak bai arbuiatuak, lau haizetara zabaltzeko; eta, azkenik, nola ez, EAJ, dianaren erdi-erdian ohi den bezala, beti gaitz guztien eta inboluzio-arrisku ororen errudun, berdin dio bizi garen kaosaren benetako erantzuleek aurre egin edo konpondu nahi edo jakin ez dutena, hain zuzen, hau komerie… Tom Wolfek idatzitako "Banidadeen sua" eleberrian bezala, eztabaida dialektikoak eta ezberdinen arteko lehia politiko noblea hipokresia eta itxurazko joko bihurtu dituzte askok, non bakoitzak unean uneko komenientziei men egiten dien, konpromiso ororen urrezko arau hirukoitza alde batera utziz: emandako hitzari, aurkariari eta geure buruari errespetua. Hau falta bada, zer espero?

Bizitzaren edozein arlotan gure helburuak lortzeko aukeratzen ditugun bidea eta baliabideak funtsa, mamia badira, politikagintzan are gehiago dira. Denak ez duelako balio... _______________






💛🧡❤️💙💚💜