martes, 11 de febrero de 2025

2025 02 11_DEIA. DdNN eta NdG_Demokrazia lugorrian





_________ Demokrazia lugorrian

Gizakiak asmatutako gobernu-sistemen artean demokrazia okerrena da, gainerako guztiak izan ezik.

Esaldi hau Britaniar Komunen Ganberako hitzaldi ospetsu batean esan zuen Winston Churchillek. Ironia fina egi biribila agertzeko: inperfektua da. Argi dago askatasuna-, justizia soziala- eta ongizate kolektiboaren arteko oreka bermatzeko aukerarik onena dela baina akatsik gabeko sistema izatetik urrun dago. Hasteko, hauteskundeak egite hutsa baino askoz konplexuagoa da, sistema finkatutako ordena juridiko baten eta pertsona guztien oinarrizko eskubideen errespetuan oinarritzen baita. Hau da, Zuzenbide-Estatutzat ezagutzen duguna. Tira, galdera sinple baterako sarrera luzea: Trumpen hauteskunde-garaipena, berez, demokraziaren garaipena al da? Hala balitz, zergatik ez zuen aurreko hauteskudeak galdu zituenean beraz onartu, konspirazio-teoriak eta Kapitolioari erasoa legitimatu beharrean? Kanpainan zehar erakutsitako eszentrikotasunak eta gehiegikeriak bere horretan tinko diraute haren Presidentziapean: egun batean, Kanada AEBetako 51. estatutzat aldarrikatuz; hurrengoan, Groenlandiako uhartearen eta Panamako kanalaren konkista iragarriz; eta, azkenik, Gazako lurraldea jabetuz non, behin hondakinak eta zaborra kenduta -bi milioi palestinar barne-, Mediterraneoko ertzean luxuzko resort bat eraiki ahal izatea. Hor zeuden biok, gogoratzen ditudan eszenaratze lizunenetako bat, Etxe Zuritik lau haizetara berria plazaratzen, Trump eta Netanyahu, Gaza suntsitu izanaren eta ikastetxeak, ospitaleak eta errefuxiatu-guneak bonbardatzearen eta milaka zibila bereizi gabe hilketaren arduradun zuzena, izugarria… Akaso ez da Trumpek botatako zirikatze bakoitza erantzun behar, batzuk burutazio hutsak besterik ez dira. Baina horren haratago helburu zehatz bat dauka, ziur, berak ez du puntadarik ematen haririk gabe. Eta ez du eskrupulurik.

Hona hemen demokratikoki aukeratutako zesar bat zeinean beste agitatzaile batzuk begiratzen hasten ari diren, demokrazia lugorrian. Ez da txantxetakoa.





martes, 28 de enero de 2025

2025 01 28_DEIA, NdG eta DdNNav_Zalapartaren mamia






_______ Zalapartaren mamia

Adolfo Carretero epailearen aurrean haiek egindako deklarazioen bideoak, Eliza Mouilaák sexu-erasoagatik salatutako Iñigo Errejonen aurkako auzian, azken asteotan gehien aipatu dena izan da. Sare sozialak tertuliak eta hizki-mizki saio guztiak instrukziozko epaileak parteei egindako galdeketa kokatu dute, bereziki andere-salatzaileari, polemikaren erdigune. Eta, bestalde, gertaera ukaezina bat: bideoen filtrazioa, sekretuak agerian uzteko delitua da gutxienez, alde batera utzi gabe legeak babes berezia ematen diola sexu-indarkeria delitu baten biktimen intimitaterako eskubideari. Horri buruz oso-oso gutxi entzun da. Eskandalu bat, zalantzarik ez, baina morborik gabe. Hori dela eta, emandako adierazpenetan eta epailearen moduetan ardazten da. Hori esanda, nire ustez, instruktorearen galdeketa, baita erabilitako tonua, zakarra eta bidegabea da, erabat inpropioa justizia-areto batean: bere nagusitasunaz abusatzen du, galdera guztiz desegokiak eginez -galdekatzen duena abokatua edo fiskala den deklarazio batean, ez lirateke inoiz onartuko-, kausarekin zerikusirik ez duten iruzkinak eta balorazio pertsonal mordoa egiteaz gain. Beste kontu bat da galdera jakin batzuk egiteko modua, delikatua edo zakarra, salatzen den delitua tipifikatzen duten elementuak egiaztatzeko ezinbestekoak, eta, kasu honetan bezala, sexu-indarkeria bada, beharrezkoak eta saihestezinak dira. Eta askotan, gogorrak. Baina ez da, hain zuzen ere, Carretero epailearen galdeketaren gogortasuna eskandalagarria iruditzen zaidana, baizik eta haren jarrera amore-emailea, friboloa eta begirunerik gabea, maltzurra eta are gaitzusteko ere esatera ausartzen naiz. Edozein kasutan, bai jarrera pertsonala bai arazo estrukturala, karrera judiziala osatzen dutenei zuzendutako berdintasunaren arloko prestakuntzaren eskakizunetik askoz haratago doa.

Aitak esango lukeen bezala, besteekiko errespetua norberari errespetatzearekin hasten da, hau etxean ikasten da. Hau da, norbera etxetik "ikasia" ateratzen da.


martes, 21 de enero de 2025

2025 01 21_DEIA NdG eta DdNNav_ Itxaropen hari bat

























_________ Itxaropen hari bat

Su-etena Gazan, orain bai. Joan den igandean, 15 hilabete izugarrikeria ezabaezinaren ondoren, Israelek eta Hamasek lortutako akordioa indarrean sartu zen. Hala ere, egun berean, aurreikusitako ordutegi-atzerapena aitzakitzat harturik, Israelgo armadak zerrenda bonbardatzen jarraitu zuen, 15 zibil gazatar erahilez jada sinatutako tregoa ospatzen ari zirela. Nolanahi ere, lehen hiru bahitu israeldarrak askatu dituzte dagoeneko, baita 90 preso palestinarrak ere kontrapartida gisa. Tropa armatuak Rafahko pasabidetik erretiratu dira ere, nondik, pixkanaka-pixkanaka igarotzen ari dira zuela aste pila mugan atxikita zeuden laguntza humanitarioko kamioi-ilarak. Horra hor ere Nethanyahu gobernuaren dimititu diren ministroak bonbardaketei berriro ekiteko exijituz, ez dute nahi palestinar bizirik bakar bat ere, kriminalak... Datu batzuk: NBEk egindako azterketen arabera, 165.000 eraikin inguru suntsitu dira Gaza zerrendan, hau da, guztizkoaren % 66a; azken zifra ofizialek baieztzaten dute 47.500 hildako baino gehiago izan direla -haien arteko % 40 adingabeak-; baina, hondakinen azpian desagertutakoen kopurua zenbatzeko zain, 70.000 ingurukoa izango litzateke benetako zifra. Tipo zital hoientzat israeldar bahituak beraiek, kulpa ororen errugabe, albo-kalte hutsak dira, onartzeko eta gustura ordaintzeko moduko faktura odoltsua. Beraz, ez naiz batere baikorra… Sinatu dena ozta-ozta zabaltzen da hilabete batzuetara, fase bakoitzean bete beharreko baldintza zehatzakin, zeinen baloraketa norbaiten subjektibotasunaren mende egongo da, indartsuenarena, hau da, Israel. Jakina, ez dut Hamas ahazten ere, ezinbesteko agentea zibilen heriotzan, israeldarrak zein palestinarrak. Ez, ez naiz baikorra baina disimulatu saiatzen naiz. Gazako biztanleentzako laguntza humanitarioa premiazkoa delako, gazatarren bizitza babestu eta haien bizilekua -planetako desplazatuen kanpamendurik handiena bihurtua- berreraikitzea bermatu behar delako.

Su-etena indarrean Gazan, itxaropen hari bat. Eutsi diezaiogun.

martes, 14 de enero de 2025

2024 01 12 DEIA, DdNNav eta NdG_




________ Elefante nagusia

Hau bai dela gero eta maizago entzuten den esaera: elefantea gelan. Metafora moderno moduko bihurturik, nahita saihesten edo isildu egiten den ezagutza publiko- eta orokorreko egi deseroso bat deskribatzeko erabiltzen den, ezjakintasunaren ondorioz edota haien aurre egiteak ekar ditzakeen ondorioen beldurrez. Gaur egun, imajina dezakegun gela bakoitzean elefante ezberdin bat dago baina oso gutxi dira identifika ditzakegunak, zeinek diren dakigunak, soilik haien izen-abizenak entzunez. Ezagunena? Elon Musk, nabarmen. Izan ere, munduko gizonik aberatsena da, enpresa estrategiko eta eraginkorrenetako batzuen jabea. Sare sozialen egitura ahaltsua ere darabil, zeinen garroak gai dira planetako txokorik pentsaezinenetara iristeko. Donald Trump-en konfiantzazko gizon bihurtuta, gustura jokatu du nonahiko agitatzailearen rola azken bi hilabeteotan, bere babesle histrionikoa den Etxe Zurira ofizialki itzuliarekin izango den nazioarteko asaldaketa aurreratuz akaso. Trump/Musk aliantza ez da garrantzirik gabeko gaia, bata- eta bestearen harropuzkeriak ezin dira zentzugabekeria- edo hutsaltzat hartu, bion benetako helburua bakoitzako aberastasun pertsonala infinituraino biderkatzea baita. Lortu ahal izateko boterea edukitzea eta zabaltzea behar dute: lurralde-hedapena, milioiak pilatzen jarraitzeko, eta hedapen politikoa, haien nagusitasun eta kontrol irrikan interferentziak eta zailtasunak saihesteko. Eta bai, horretan ari dira, beren asmoak zeinek diren batere disimulatu gabe eta ultraeskuinaren eskutik, aproposako manporrari edo komodina. Diruaren boterea eta dirua boterearen zerbitzura, lasterbide- eta aurkakotasunik gabe, horra paradoxa: gelan mugitzen garen bakoitzean elefantea saihestuz, gero eta botere handiagoa ematen diogu. Eta bera hazi eta hazi egiten da, eroso eta axolagabe, dena bete arte, dena kontrolatu arte.

Denok ikusteko moduan, Muskek, elefante nagusia, azaroko hauteskunde presidentzialetatik hona bere aberastasuna bikoiztu egin du $ 440.000 miliora iritsiz. Artista…