martes, 8 de septiembre de 2026

2026 09 08_DEIA, DdNNav eta NdG_ Irailak 8






_______ Irailak 8

Gaur, iraila 8, Hondarribiako egun handian, 50 urte bete dira Irungo 24 urteko mutil bat, Josu Zabala, hil zutela arratsaldeko alardea amaitu ondoren, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur-en desagerpena salatzeko San Pedro kaletikan izaten ari zen manifestazioan. Guardia Zibilak bortizki desegin zuen, gomazko pilotak eta su-armak erabiliz. Bi tirok Josu hil zuten, Santiago kalera zihoan kalezulo txiki baten izkinan. Orduz geroztik, gertatutakoa gogoratzen da urtez urte kantoi horretan, herri-omenaldi hunkigarrien lekuko bihurtuta. Joan den igandean azkena bizi genuen. Nire aldetik, bereziki gogoratzen dut 40. urteurreneko emozio gainezkatua, non berriro sentitu bainintzen 1976 urrun hartan ni nintzen nerabea, noiz segundu eskasetan eta sinesgaiztasun une baten ondoren, koadrilarekin irrietatik beldur lazgarrienera igaro zen, orduan jakin nuen ez nuela inoiz gertatutakoa ahaztuko. Erail zuen agenteari zigorra ezarri bazioten ere, kartzela zapaldu gabe utzi zuen kalean 1977ko amnistia orokorrak. Hori izan zen Zabala Erasun familiak Josuren memoria berreskuratzeko eta duintzeko etengabeko borrokan aurre egin behar izan dion askoren lehen aldrebeskeria. Azkenik, duela urte batzuk Eusko Jaurlaritzak izendatu zuen Josu Zabala polizia-abusuen biktimaz, eta duela hiru hilabete soilik, ofizialki, baita ere Espainiako Gobernuak. 50 urteko itxaronaldi luzea, oraindik amaitu gabe.

Gaur, irailak 8, Euskal Diasporaren Eguna dugu ere, aurten lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenarekin bat egiten duena, Jose Antonio Agirre lehendakaria erreferente nagusitzat hartuta. Bere ondarea, erbestea eta errepresioa ezagutu zituen belaunaldi osoarenarekin batera, ezin da soilik oroitzapen nostalgikotzat hartu, gure memoria kolektiboaren oinarrizko zutabe bat bait den. Hortik dator 'Izan ginen, bagara eta izango gara' aurtengo leloa.

Partekatzen dugun memoriak eskuzabaltasuna eskatzen du baina, batez ere, ausardia, ez du postureorik onartzen, ezta opakutasunik. Urteak pasatziak ezin da aitzikia izan.

martes, 1 de septiembre de 2026

2026 09 01_DEIA, DdNNav eta NdG_Iraila eta abar

 

  

____________  Iraila eta abar

Gaur hilabetea estreinatu dugu, baina ez edonolako hila bat, ze iraila, lehenengo egunetik, aurresangarria eta estresagarri samarra baita. Hasteko, abuztuko oporren amaiera-puntu gisa erakusten du, hau da, lanera itzulera ofiziala da, abiadura bizian jarrita. Haurrak, bai ala bai, eskolara itzultzen dira eta unibertsitateek ateak parez pare irekitzen dizkiete ikasleei eta beste ziurgabetasun batzuei; amaitzen da gure estropada-denboraldia, baina iritsi da jada, guztion burmuina xurgatzeko, futbol-denboraldi berri bat, Jainko Jauna, eman pazientzia. Horra hor moda-kate handien publizitate-kanpainen bonbardaketa, duela gutxi beren merkealdiekin egin zuten zehaztasun berarekin, txotxongilo bezala tratatzen gaituzte, berdin dio egunerokotasuna korapilatzea, manipulagarriak garela sentiaraztea, ba tira, 'bibalabidaloka'! Akaso, salbuespen oso gutxirekin, politiko gehienek pentsatzen ari direna da ere, itsasikara etengabea iragartzen duen disputa parlamentariora itzultzean. Puntu horretara iritsita, “gu geurera” esan genezake baina alferrik, zortean egokitu zaigun mundua ikusita, kudeatzen zaila den denborale geopolitiko baten erdian gaudela bistan dago.

Ukrainako gerra, etengabea zein itxuragabeturik; Netanyahu-gobernu kriminala eta haren eldarnio espantsionista, palestinar herriaren genozidioa helburuz: horra hor Libano, gero eta sarraskia handiagoa, Zisjordaniako egoera larria, Gaza zeru zabaleko hiltegi bihurtua, eta Israel, zigorrik gabekoa; Trumpek, harrigarrizko erabaki eta aldarrikapenen artean bere nahierara eginez eta deseginez, kontrolik gabeko ero nartzisista bat da, zeinen gehiegikeriek dohainik irteteaz gain, efektu-kolpe bakoitzean ugaritzen ikusten du haren itzelezko dirutza pertsonala, bere egoa baino are gainezkakoagoa; gainera, kontakizunaren jabe bihurtu da, errealitatea haren apetari definitzeko eskubidea exijituz, gezur doilorra bada ere; eta Maroko den lagun-finari dagokionez, ikusteko.

Posdata: etsai txikirik ez dagoela ahazten ohi dute boteretsuek. Ba hori.