martes, 11 de marzo de 2025

2025 03 11_DEIA, DdNN eta NdG_ Martxoak 11a.


 


 

_____ Martxoak 11a.

2004ko martxoak 11a, oroitzapenerako data bat, zalantzarik ez. Eta denboraren joanak bizi izandako izugarrikeriaren eragina arintzen duela egia bada ere, ez du biktimen edo haien hurbilekoen mina arintzen. Madrilgo eraso jihadista ikaragarri hark, Europan ordura arte ezezaguna zen tamainakoa, kontinente zaharrako zimenduak astindu zituen. Hunkituta eta txundituta, gertaerek eta hortik atera zitezkeen ondorioek gainezka eginda, Europak gogoan hartu zuen: terrorismoari aurre egiteak muga nazionalak gainditzen zituen. Segidan, Europako politika bateratua -hainbestetan noraezean- aktibatu zen eta biktimekiko elkartasun keinu batzuk ere iritsi ziren. Hortik dator martxoak 11a Europako Terrorismoaren Biktimen Eguna izendatzea. Egutegiak, beraz, duela 21 urteko Atochako sarraskira itzultzen gaitu. Hala ere, friboloa iruditu arren, oroimenean argien gordetzen dudana garaiko Espainiako Gobernuko lehen ezpatarien sargoria eta lotsagabekeria dela, Jose Mª Aznar duela buru, atentatua gertatu eta hurrengo egunetan. Dena den, nire deskarguan esango dut oso zaila dela alde batera egitea orduz geroztik beren kudeaketaren gardentasuna defendatzen jarraitu baitute, denok jakinda iluna, desonesta eta interesatua izan zela. Hemeroteka gupidagabea, gertatutakoaren egia defendatzeagatik kaltetutako Segurtasun Kidegoetako profesional batzuek eta egia judizialak berak, hala egiaztatzen dute: Aznarrek zuzenean bultzatutako presioak arreta mediatikoa ETArengana desbideratzeko, eta ez jihadismora, sarraskiaren erantzule gisa, jakinda, bestela, PP-k hauteskundeak galtzen zituela. Eta hola izan zen... Iaz, 20 urte geroago, Feijóok berak onartu zuen Jose Mª Aznarrek ez zuela 11M delakoa "ondo" kudeatu segidan zuritzeko "suposatzen dut zuzen jokatzen aritzea uste zuela berak" (sic) esanez. Ba hau esateko, hobe deus esan ez izana.

Gaur, 21garren urteurrenean, ez dakit zer espero behar dugun baten- edo bestearengandik, ziur aski ezer berri. Ze FAES-en simaurtegia, bere glamour guziarekin, kiratsa baitario.


martes, 4 de marzo de 2025

2025 03 04_DEIA. NdG eta DdNN_ Money, money, money... 💲💲💲




















______ Money, money, money…

Azken bi hilabeteotan, eztabaida geopolitikoa inoiz ez bezala bideratu dute "lur arraroak" deiturikoak. Ikertu ahal dudana ez da nahikoa izan nire ezjakintasuna gainditzeko, baina bai gaurkotasunaren zenbait alderdi hobeto ulertzeko, ea ba… Izena bera, xelebrekeri bat, ez baitira ez lurrak ez arraroak, erauzketa eta fintze-prozesua beste mineral batzuena baino zailagoa da, hori bai. Taula periodikoko 17 elementu dira, mundu osoan aztarnategiak badaude, ugari zenbait kasutan. Nolanahi ere, haien propietate fisiko-kimiko bereziek funtsezko baliabide bihurtu dituzte hainbat industriatarako, hala nola, militarra eta armamentista -beti gora eta gora-, goi-teknologia eta energia berriztagarriak. Mugikor-, ordenagailu- edo ibilgailu elektrikoen fabrikazioaz ari naiz, baita ere azken belaunaldiko armez eta erreaktore nuklearrez edo ingeniaritza aeronautiko eta aeroespazialean imajina daitekeen gauzarik sofistikatuenaz. Etabar, etabar. Beraz, ‘lur arraroak' munduko geopolitikaren eta ekonomiaren enborreko ardatz bihurtu dira. Trump-entzat bereziki, laguntzen dioten teknologia-handikiren kortearentzat ere, baita beste puntako enpresa boteretsu batzuentzat. Laburpenez: boterea harrapari-talde baten interes pribatuen zerbitzura. Ebidentziak? Pila bat. Besteak beste, gerra amaitzeko aitzakiapean, Ukrainiari Trump-ek egindako proposamena bere lur arraroen -2'6 mila milioi tona- ustiaketan parte hartzeko; edo Kanada-ren aurka egindako presioak, AEBk dituen lur arraroen baliabideak laukoizten baititu; horra hor Groenlandia ere, ustiatu gabe era guztietako natura-baliabideez beteriko paradisua; eta pastelaren ginga: Txinak, oxido horien munduko lehen ekoizleak -240.000 tona 2024an, 43.000 tona AEBen-, merkatua kontrolatzen du. Merkatu estrategiko globala honek 11 mila milioi dolar inguru mugitzen du aurten, 10 urte barru soilik zifra hoiek bikoiztuko ditu. Beraz, Gazan eraiki nahi duten luxuzko resort-proiektua ahaztu gabe, hobeto ulertzen al da orain?

Trump & Company... money, money, money...



💲💲💲

martes, 25 de febrero de 2025

2025 02 25_DEIA, DdNNav eta NdG_ 'Nik sinisten zaitut' 💜💜💜












 ______ ‘Nik sinisten zaitut’

Azken egunotan Rubiales kasu deiturikoaren izandako epaia ezagutu dugu, xehetasunak aparte, egindako sexu- erasoa merke atera zaiola diote askok. Auskalo… Baina atzean uzten duen arrasto ezabaezinak betirako erretratatzen du: etika falta duen gizona harroputsa bat. Irene Monterok hori bera aldarrikatu zuen berehala. Hala ere, pare bat bat egunen buruan jauzi egin zuen Monedero eskandaluari dagokionez Podemosen lotsarako, entseatutako esaldi zaharretara jo besterik ez du egin. Gauza bera esan daiteke Ione Belarrari buruz: emandako azalpenak barregarriak izan dira, nahita iheskor- eta oso gustu txarrekoak, bere jarrera faltsuki lasaia. Baina, hara!, zer nolako handikeria egun gutxitan Ionek berreskuratu duena, tonua eta burua altxatuz, bere buruari konplot baten biktimatzat hartuz. Ez dago politika egiteko modu doilorragorik, besteei eskatzea norberak praktikatzen ez duena.

Dena den, etxetik kanpo ezaugarri duten politika mesianikoa defendaezina bada, benetako lotsagarri- eta salagarria dena dela etxe barne Podemosek jarduteko modua. Izan ere, emakumeen aurkako sexu indarkeriaren kontrako borrokalari paregabeko hauek, holako salaketa bat alderdiko gizon goi-ordezkari baten aurka eginda ezagutu eta gero, ez zuten dagokion jazarpen-protokoloa aktibatu. Beno, oraindik okerrago: haren orriak zuri uzteko soilik ireki zuten protokoloa. Ez zen ezta ekintza konkretu bat eragin, ezta ere badaezpadako neurriak hartu biktimeen egoera babestu ahal izateko, konfidentzialasun-arrazoiak orain argudiatuz. Monedero alde batera utzi zutela diote baina, tira, emandako zerbitzuengatik errekonozimendu publikoa helaraziz eta aktiboa eta kupulatik ger-gertu luzaroz mantenduz, nahiko kontraesana, ezta?

Podemosek komunitate toxiko bihurtzen amaitu du, moreaz jantzitako Saturno moderno batek bezala bere semeak irentsiz; hauek, alabaren batzukin gauza bera eginez; eta galdutako katebegia: Irene eta Ione ahizpeek, ‘nik sinesten zaitut' ohiu bakoitzean gu gainerakoak ergeltzat hartuz. Hau zinismo petrala…