martes, 22 de agosto de 2023

2023 08 22_DEIA eta DdNNav_Ken'Style 💖 💖












 

________ Ken’ Style 

Izan ziren jaien, amaitu berri direnen eta egunotan Marijaiaz jantzita Bilbo gainezka egiten dutenen artean, abuztua aurrera doa. Errekorreko sekulako beroarekin, bai, eta horrela jarraitzen dugu. Hain ezohikoa den zerbait? Batek daki... Memoria laburrekoak garelako diot. Gainera, aipatzen diren balio eta erregistro historikoak haien testuinguruan azaltzeko daude eta ez komunikabide- eta sareetan nahiera erabiltzeko gauza bat eta kontrakoa naturaltasun berarekin aldarrikatuz. Hau esanda, abuztuan inondik inora ohikoa izaten ez dana -ezta uztailean hauteskunde orokorrak ospatzea- Gorte Nagusietako ganberak eratzeari eta Diputatuen Kongresuko Mahaia aukeratzeari denok adi egon izatea da. Saio horri begira, Espainiako Gobernuko presidentetza lortu nahi duten bi alderdiek inolako iragazkirik gabeko liskar zorrotza izan dute non Feijóok -galtzaile eztabaidaezina- inola ere ez zuen espero jasotako zaplaztekoaren tamaina. Nolanahi ere, borrokan garaile suertatu denak -Sánchez- esku hutsik egin du: ez du oraindik ezer ziurtatuta eta egiteke bidea ez da barea izango. Erakusten duen Ken’Style irribarrea Barbie-arrosa koloreko txikle bat bezain itsaskorra da, primerakoa limosna- eta protagonismoaren bila bulkada hutsez mugitzen direnak harrapatzeko. Aldi berean, ez zaio hain erraza izango haren ibilbidearekin aspaldi erakusten dutenak konbentzitzea politika egitea etengabeko lanaren eta emandako hitzarekiko errespetuaren sinonimoa dela. Bere kargua berretsi nahi badu, guztien beharra dauka Sanchezek eta denok igualak ez dira. Serio har dezala, beraz, jende serioakin. Txontxongiloak direnakin, hor konpon!

Tira… Waterloo, gehienentzat, duela urte pila bat Eurovision kantaldia irabazi zuen abesti yeyé bat besterik ez da. Ni behintzat, ez nago festetako revival zaharkituak berritzeke disko marratuen eta iruzur egindako super-saldutakoen garaiak igaro baitira, zorionez. Bada, politika-, lana- eta konpromisoari buruzko irakaspenak, norengandik datozenen arabera, ezta bakar bat ere. Inoiz ez.

  


martes, 15 de agosto de 2023

2023 08 15_DEIA eta DdNNavb_Zubiak

 

______ ZUBIAK

 Bidasoa ibaia -Errazu herri nafartarran Baztan izenez jaiotzen dena- zubi ugarik zeharkatzen dute Txingudi badiako bokaleraino. Nortasuna propioa dute denek, zuhaitz artean ezkutatua dagoen zubirik xumeenatik, milaka eta milaka ibilgailuen egunean edo trenbidearen beraren pisua eusten dion zubitara. Eta, hitz egin ahal izanez gero, xehe-xehe kontatuko lukete mendeetan zehar ibaiaren bi bazterreko herrien eta jendearen bilakaera, hau da, auzotasunezko harremanak, eztabaidak, erronkak, norberaren zein arrotzeen bizipenak eta abar, sarritan muga naturala bera gaindituz. Jar dezagun testuinguruan orain bizitzen ari garena… Bidasoa ibaiak zeregin estrategikoa izan du beti Frantzia eta Espainia estatuen arteko harremanetan. Eta, jakina, garen mugarik gabeko Europan, are iraunkorragoa da, Txingudiko eskualdea errealitate dinamiko, ireki eta askotarikoa bihurtuz. Baina txanpon orok bi alde ditu: Irun eta Hendaia arteko nazioarteko lau zubietatik, Avenida izeneko zubia lotsaren zubi bihurtu da. Pandemia garaia nahitaez eten pasata, 2021eko urtarriletik itxita dago Frantziako aldetik, jendarmeek zainduta, terrorismoaren aurkako neurri politikoen aitzakipean. Mugako bi aldeetatik eskaera ofizial asko izan dira egoera hori iraultzeko, alferrik. Baina, 2023ko Tourra iritsi zen eta, hara! uztailaren 3an berean ireki egin zuten txirrindulariak pasa zitezen, munduko telebistetan paraje idiliko bat erakutsi ahal izateko. Soilik 12 ordu geroago, foku mediatikotik kanpo dagoeneko, itxi egin zuten berriro. Eta hola jarraitzen du. 

Joan den astean, Arartekoak jakinarazi zuen ekintzak hasi zituela Europako Batzordearen aurrean -Schengengo Akordioaren arau arruntak salbuetsi ditzaketen mugako itxiturei oniritzia emateko ardura duen organoa, hain zuzen- arbitrariotasun hori salatuz eta itzultzea exijituz, Avenida Zubian normaltasuna berreskuratzeko, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko gainerako pasabide eta zubietan bezala. Ikusiko dugu.

La grandeur de la France, berriro ere, ñiminua da. Oso.