____________ Iraila eta abar
Gaur hilabetea estreinatu dugu, baina ez edonolako hila bat, ze iraila, lehenengo egunetik, aurresangarria eta estresagarri samarra baita. Hasteko, abuztuko oporren amaiera-puntu gisa erakusten du, hau da, lanera itzulera ofiziala da, abiadura bizian jarrita. Haurrak, bai ala bai, eskolara itzultzen dira eta unibertsitateek ateak parez pare irekitzen dizkiete ikasleei eta beste ziurgabetasun batzuei; amaitzen da gure estropada-denboraldia, baina iritsi da jada, guztion burmuina xurgatzeko, futbol-denboraldi berri bat, Jainko Jauna, eman pazientzia. Horra hor moda-kate handien publizitate-kanpainen bonbardaketa, duela gutxi beren merkealdiekin egin zuten zehaztasun berarekin, txotxongilo bezala tratatzen gaituzte, berdin dio egunerokotasuna korapilatzea, manipulagarriak garela sentiaraztea, ba tira, 'bibalabidaloka'! Akaso, salbuespen oso gutxirekin, politiko gehienek pentsatzen ari direna da ere, itsasikara etengabea iragartzen duen disputa parlamentariora itzultzean. Puntu horretara iritsita, “gu geurera” esan genezake baina alferrik, zortean egokitu zaigun mundua ikusita, kudeatzen zaila den denborale geopolitiko baten erdian gaudela bistan dago.
Ukrainako gerra, etengabea zein itxuragabeturik; Netanyahu-gobernu kriminala eta haren eldarnio espantsionista, palestinar herriaren genozidioa helburuz: horra hor Libano, gero eta sarraskia handiagoa, Zisjordaniako egoera larria, Gaza zeru zabaleko hiltegi bihurtua, eta Israel, zigorrik gabekoa; Trumpek, harrigarrizko erabaki eta aldarrikapenen artean bere nahierara eginez eta deseginez, kontrolik gabeko ero nartzisista bat da, zeinen gehiegikeriek dohainik irteteaz gain, efektu-kolpe bakoitzean ugaritzen ikusten du haren itzelezko dirutza pertsonala, bere egoa baino are gainezkakoagoa; gainera, kontakizunaren jabe bihurtu da, errealitatea haren apetari definitzeko eskubidea exijituz, gezur doilorra bada ere; eta Maroko den lagun-finari dagokionez, ikusteko.
Posdata: etsai txikirik ez dagoela ahazten ohi dute boteretsuek. Ba hori.
.jpg)
.jpg)
.jpg)
