______ Normaltasunaren atarian?
Auskalo…
AsteNagusia eta teleberri pare bat geratzen zaizkio abuztuari, iraila bultzaka dator. Ea ba, agur udara eta ongi etorri normaltasuna. Auskalo. Ze, mota guztietako gertaerekin ezohikoa izan den uda baten ondoren, zalapartatsu aurreikusten den kurtso politiko berri baten bezperan, hiritarrentzako lasaitasun garaiak espero izatea zaila den. Kontuan hartuta, gainera, nabarmen gogortzen diren nazioarteko gatazken ajea, itzulera oro normaltasunera baldintzatuz. Beraz, baretasuna eta pazientzia. Horretaz hitz egin genuen koadrilan duela gutxi, aspaldiko udak gogoratuz non egunkariak izugarri argaltzen baitziren, abuztuan bereziki, berririk ez zegoelako, non gaurkotasuna berriketa hutsak ziren "udako sugeak" deiturikoez elikatzen zen, eta ere txirrindularitza lasterketa batzuez, trafikoaren eguneroko berri-emankizunaz eta leku bitxitan ospatzen ziren herri-festez. Zera, ezbeharren bat gertatzen bazen, arreta mediatikoaren ezaugarria ez zen politikarien arteko liskarrak zabaltzeaz. Zuen etxean, lagunok, nirean ere, uda-denboraldi atseginaz gozatzen saiatzen ginen, ikararik gabe.
Nire kasuan, txikitatik, pausoz pauso, liburuetara eta irakurketara egokitzera bultzatu ninduten, irakurritakoaz uda bakoitzaren bukaeran zerrenda berri bat eginez, geroztik mantentzen dudan ohitura bat. Liburu berriak edo zaharrak, berdin du, baina beti paperaz, beti. Ez naiz liburu elektronikoaren tentazioan erori, ez diot bere balioa ukatzen, ezingo nuke, baina ez da niretzat. Nola esan? Usaina, ukimena, taupadak falta zaizkiola akaso, nortasuna ere. Eta izugarri gustokoa dut nik nire liburuak nola zahartzen diren egiaztatzea, oroitzapen eta emozio jario amaigabe bat eraginarazteko boterea orrialde bakoitzean altxortuz. Izan ere, liburu batek iraun egiten duen intimitatea eraikitzen du, paperak soilik eskaintzen duen intimitatea.
Ez diezagutela ostu, ez udan ez uda pasata, zortean egokitu zaigun denbora erotu honen presio etengabea saihesteko nork bere burua babesteko erabiltzen duen intimitatea. Hala bedi.





