martes, 27 de diciembre de 2022

2022 12 27_DEIA eta DdNN_Zorionekoak...































_______ Zorionekoak

 2000 urtezko metal zati batek hankaz gora jarri du euskaldunon eta nafarron ingurune emozionala, zera ba, brontzezko xafla bat txukun ebakita eskuineko esku bat zabalduaren forma irudikatzeko. Bere sinpletasunagatik, denok noizbait, paper zuri baten gainean kokaturik, behatzak bananduta, marraztu dugun eskuaren silueta gogorarazten dit. Bada zerbait zinezko eta inozente Irulegiko Esku deiturikoan: aurkikuntza liluragarria da, magikoa, horizonte berri batera lehioak zabaltzen. Bitxikeri hau Nafarroako Arangurengo haranan aurkitu zen -non iturri historikoek baskoien lurraldea kokatzen duten- Aranzadi Zientzia Elkarteko ikerlariek egindako lan bikainaren ondorioz: hasieran, Irulegi mendiaren tontorrean dagoen Erdi Aroko gaztelua berreskuratu zuten; ondorengo aurrerapen arkeologikoek, gazteluaren oinean, mendi-hegalean behera, K.a. I. mendeko Burdin Aroko herrixka bat aurkitu zuten, hau da, erromatarrak iritsi baino lehenagokoa; orduko gerrek astindua, su hartu eta gero herrixka abandonatu egin zen; eroritako adobezko etxeetako paretek babesturik, garaiko gauza ugari osorik geratu ziren eta bertan, etxe bateko sarreran gure brontzezko eskua aurkitu zuen Aranzadiko ekipoak; handik hilabete batzuetara, garbiketa lanen ondoren, eskuaren atzealdean inskripzio bat aurkitu zuten grabaturik: bost hitz -40 zeinu- lau lerrotan banatuak, orain arte baskoieraz idatziaz dagoen testu zaharrena, euskararen aurrekaritzat jo eginez; oraingoz, lehen hitza bakarrik, sorioneku, deszifratu da, denboran irauten duen eta guri dagokigun unibertso pertsonal, erritu eta inmaterial baten lekuko dena. Eskuaren goiko zonaldean zulo txiki bat ere ikusten da etxe bateko sarreran iltzatuta egon zela pentsaraziz, metalezko eguzkilore bereziko eta bitxi bat balitz bezala: orduan zein gaurkoan, zaindari eta babesle, helburu eta iragarpen, ‘izan zirelako, gara’ leloak irekitako ikasbide berri bat.

Ba, Irulegiko Eskuaren magiak zuen itxaropenak egi bihurtu ditzalakoaren esperoan... Urte Berri On guztioi!






martes, 20 de diciembre de 2022

2022 12 20_DEIA eta DdNNav_1985-2022. Mikel Zabalza. In memoriam... ❤❤❤

 










________ 1985-2022, Mikel Zabalza. In memoriam.

Beste lagun batzuekin batera atxilotu zuten. Donostiako Intxaurrondoko kuartelera eraman zituzten denok. Laster irten ziren aske, bera izan ezik. Bertsio ofizialaren arabera, ordu batzuetan atxilotuta egon ondoren, Endarlatzara, Bidasoa ibaiaren ertzean, ETAren ustezko zulo baten bila eraman zuten. Bertan, Guardia Zibileko agenteengandik libratuz, bere burua ibaira botata ihesi lortu zuen. Egun eta egunetan zehar, Gurutze Gorri-unitateek eta erreskate urpekariek bilaketa gogor eta koordinatua egin zuten, alferrik. Handik egun batzuetara, ustekabean, eskuburdinak jarrita eta tortura zantzu nabarmenekin, ibaian flotatzen agertu zen haren gorpua, egun batzuk lehenago ez zegoen Endarlatzako inguru berean. 1985eko abenduaren 15a zen eta bera, ETArekin inolako harremanik ez zuen 32 urteko gazte bat: Mikel Zabalza Garate. Inork ez zuen inoiz bertsio ofiziala sinetsi, orduko Felipe González Gobernuak barne, gezur handi honen konplize bihurtu zena. Urteetan zehar, epaitegiek auzia behin eta berriz ireki eta ixten zuten heinean, gero eta gehiago ziren atxilotu zuten egun berean Intxaurrondolo kuartelean Zabalza itota hil zela zioten frogak. Hola, iaz, CESID-ko eta Guardia Zibileko bi goi-agintariren arteko izandako elkarrizketa baten hedatutako grabaketaren ondorioz -non gertatutakoa konfirmatzen zen- Zabalza kasuarekin lotutako dokumentazino guztia desklasifikatzeko eskatu zion EAJk Sánchez Gobernuari eta, Estatuko Fiskaltza Nagusiaren bitartez, espediente judiziala berriro irekitzeko eska zezan. Erantzuna? Guri ez dagokigu, epaileen kontua da; familiak berak eska dezan nahi badu; ez dugu ezer desklasifikatuko; sekretu ofizialak gureak dira eta kitto. Hau esanda, egungo arau frankista ordezka dezan Sekretu Ofizialen Lege berri bat -momentuz ezezaguna- Sánchezek prometitzea… Handia da gero! Dena den, aitzakirik ez, egia ez daitekeelako merkantzia akastuna edo truke-txanpona izan. Egia biktima guzien eskubide ukaezina da eta ez du iraungitze datarik.

Mikel Zabalza Garate, In memoriam.











 

    
In memoriam
❤❤❤

martes, 13 de diciembre de 2022

2022 12 13_DEIA eta DdNN_Modu berberak? 👈👈👈










___________  Modu berberak?

Zigor Kodearen aldaketa posible bati buruzko adierazpen politikoen gurutzaketa amaigabe baten ikusle mutuak gara hirritarrok aspaldi. Zergatik hainbeste zarata? Gizartea, definizioz, aldakorra da, haren beharrak eta eskaerak ere. Beraz, une egokietan, zenbait delituri agur esatea eta beste berri batzuei ongietorria eskeini behar die. Argi dago Zigor Kodea aldatzea ez dela inoiz lan erraza baina Gobernua- eta oposizioaren arteko trenen arteko talka bihurtzen denean arrazoizkotasun ororik desagertzen da. Laburbilduz: Zigor Kodearen erreformek kritika gogorrak izaten dituzte beti, ororen gogara egitea da gauza nekea; beharrezkoak izaten dira gehienetan eta askotan, polemikoak; baita arbitrarioak ere. 1995ean onartu zenetik, hogeita hamar aldiz baino gehiagotan aldatu da Espainiako Zigor Kodea. Erreformarik sakonena 2015 urtekoa izan zen, Rajoy Presidentearekin, 252 artikulu aldatuta eta 32 kenduta eta gehiengo osoa zuen PPren aldeko botoak baino ez zituen besterik izan. Pasa den urrikoa izan da azkena -deituriko 'Bai da Bai' Legearen ondorioz- eta hurrengo erreforma berehalakoa da. Ea ba, Gobernuak bultzaturik, edo ez; aldez aurretik eragile politiko batzuekin adosturik, edo ez; delitu batzuk Europako estandarretara egokitzeko asmoaz, edo ez; abaguneaz baliatuz, ad hominem interesak edo eskaerak asetzeko nahiaz, edo ez; Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia dagoen geldialdia gainditzeko helburuz, edo ez. Nork ote daki…

Kataluiniaren aurka 155aren misila defendatzen Rajoy-rekin bat egin zuen irmo eta orain -zain zaharraren usainak- Zigor Kodea erreformatzeko maniobra expres batean buru belarrik sarturik dago. Pedro Sanchezez ari naiz, nor sedizioa-, fondo publikoak bidegabe erabiltzea- edo omisiozko prebarikazioari buruz arinki eta argudio sendorik erabili gabe berriketan dabilen mitinez miti hartutako erabakia didaktikoki herritarrei azaldu beharrean, hola Legebiltzarretik haratago ere babesa lortu ahal izateko. PPk 2015ko erreforman erabilitako modu berberak direla esango nuke. Edo ez?

Politikagintzan, moduak ere mamia direlako.




martes, 6 de diciembre de 2022

2022 12 06_DEIA eta DdNav_Kristalezko sabaiak eta zoru itsaskorrak... 🔴🟡🔴


 


__________ Kristalezko sabaiak eta zoru itsaskorrak

Azkenean badirudi negua iritsi dela, batzuek gogoz espero genuen. Ez zen euri-falta soilik, ezta izan ziren sute suntsitzaileak eta ohiz kanpoko beroa ere, klima-aldaketa egitate erantzunezin bat baldin bada, ezagutu dugun mundua erremediorik gabe pikutara joaten ari dela sentitzea baizik. Beraz, ongi etorri euriteak, hotza eta neguko eguzki goxoa. Egun hauetan ere, ofizialki ez izan arren, hasten dira Gabonak. Paradoxikoki, koloretako argiekin herrietako kaleak apaintzen diren aldi berean, elkartasun-kanpain guziak aktibatzen dira. Elikagai-Bankueen urteroko bilketa handia azaroaren azken astean egin bazen ere, premiazko laguntzaren eskaera udaran bertan hasi zen jada, Euskadin eta Nafarroan ere. Izugarrizko balentria litzateke nahi ziren helburuak lortu izana ze, lehenik pandemiaz, gero Ukrainako gerraz eta, duela hilabete batzuk hona, inflazioaren gorakadaz, elikagai askoz garestiago dauden eta, diru berberaren truke, dexente gutxiago lortzen diren. Hori jakinda, orain gerrikoa estutzea dagokigula ohartarazten digutenean, zorionekoak sentitu beharko ginateke askorek, haren oinarrizko premiak aseta ezingo dituen pertsona pila baitago gure inguruan. Ez naiz epe ertain-luzerako panorama ilun batetaz ari, hemen dago jadanik. Edozein diskriminazio motaren aurka borrokatu behar denean -emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna, xenofobia, arrazakeria, desgaitasuna, besteak beste- argi dago: kristalezko sabaiak deiturikoak leherrarazi behar dira, bai dela irudi indartsua. Baina pertsona behartsuei dagokitenean ez dago holako zerbaiterik, ez dago inongo kristalezko etsairik, hortik pobreek ihes egin ezin duten zoru itsaskor eta koipetsua, besterik ez, non sistemak tinko itsatsita mantentzen dituen. Baita pobre berriak direlakoak ere, hau da, soldata bat euki arren duintasunez bizi ezin dutenak.

Abenduaren 6a dela eta, galdera ireki bat uzten dut hemen: oparotasuna- eta zaurgarrienen babesaren bermatzaile gisa Espainiako Konstituzioa norbaitek defenda dezan posible ote den?

🔴🟡🔴