viernes, 27 de diciembre de 2024

2024 12 24_DEIA eta DdNNav_Gabon gaua...

 



_________ Gabon eguna


Gaur, Gabon egunean, nire ezinbesteko hitzorduetako bat goizean Lesaka hiribildura hurbiltzea da, Nafarroako Bortzirian, negu-solstizio eta abendualdi garai honetan ere herri gisa definitzen gaituena gozatzeko une magikoa. Gaur ez dut helburu mito-, tradizio- edota historia hurbilei buruzko pontifikatzea, inola ez, iritzi bat eman besterik ez dut nahi, askatasunaz eta errespetu osoz adierazia. Urteak daramatzat pentsatzen beharrezkoa dela topagune batera iristea gure Olentzeroren eszenaratzeari dagokionez, haren identitatearen balioa nabarmentzea, gure ondare inmaterial eskergaren parte gisa, masa-ikuskizun batean diluitzen ari delako. Zera, soilik haren esanahia arretaz eta konplexurik gabe zainduz -inoiz ez immobilismotik edo arinkeriatik- gure Olentzerok luzaroan iraun ahalko du. Espero dut oraindik garaiz egotea... Agian, merezi duen harrera emateaz has gaitezke: bere jatorria errespetatu, etorrera eta presentzia berezia gure herrietan egin dezagun, mimatu dezagun haren estetika, mezua, errituak eta koplak, gure hizkuntza. Horretarako ez du axola bizkarrean eramandako irudi bat edo hezur-mamizko gizon bat den, naturaren berriztapena edo Jesusen jaiotza iragartzen duen, herriko kaleak oinez edota gurdi edo karroza gainean zeharkatzen dituen, bakar-bakarrik edo Mari Domingirekin batera iristen den, bizkarrean daraman zakua ikatzez zikinduta edo opariz beteta dagoen, edo bere pipa erretzen edo ardo trago pare bat hartzen ez baduen dagoeneko jendeaurrean. Segurazki, intimitatean egingo du, berearekiko eskubidea ere baitu. Ez erakustaldi atemporala hau, non, bizar zuri eta dotore Lord Ingelesaren itxurarekin, ahalegin gutxirekin pasa izan daitekeen, kabalgatako 4. Errege Magoa edo txapela duen Santa Klaus bat, txapela Elosegirena izan arren.

Hasieran esan dudan bezala, gaur Lesaka, Olentzeroren sorlekua eta guzti-guztiaren jatorria, bisitatuko dut. Ohorea eta pribilegioa. Eta azken desioa: betiereko ikazkinak bere magia berritu eta zabaldu dezala, beti egin duen bezalaxe. 

Eguberri On!

martes, 17 de diciembre de 2024

2024 12 17_DEIA, DdNNav eta NdG_Taktizismoak



______ Taktizismoak

Beste batzuk gehiago egon arren, ultraeskuineko alderdi nagusiei elementu komun bat badago Europan, immigrazioari buruzko planteamendu murriztaileen multzoa da, etorkinen kolektiboa Europaren, oro har, eta herrialde hartzaileen, bereziki, ustezko degradazio sozioekonomiko eta kulturalaren kopla-buruko gisa joz. 1980ko hamarkadaren amaieratik arrakasta-uzta biltzen ari dira duintasun eza-soro horretan. 2015etik aurrera gauzatu da -deituriko 'beroan egindako itzulkete'kin batera- Europa ezezagun baten ikur bihurtu dena, krisi politiko, muga eta eskubide sakonean murgilduta: harresiak eta hesiak eraikitzea immigrazioaren fenomenoari eusteko eta erantzuteko. Neurri simple eta azkarra da, iritzi publikoan berehalako eragina duena, 'komunitatea'- eta 'atzerritar'en arteko bazterketa-iruditeria bizkortzeko aproposako tresna, propaganda politiko hutsa, azken batean. Baina gaur egungoak harriz, zementuz eta kontzertinez bakarrik eraikitzen ez diren hormak dira, ezberdinarekiko beldurra eta gorrotoa, arrazismoa eta xenofobia, blindatzen dituztenak ere badaude. Eta, azkenik, interes espurio bati men eginez altxatzen direnak komenientzia alderdikoiri, beti koiunturala eta funsgabea. Tira, adibide gertatu berria… Santanderren egindako XXVII. Presidenteen Biltzarrean Eusko Jaurlaritzaren eta jasangaitza jasatera bidegabez behartuta dagoen Kanariar Gobernuaren proposamen bateratuari buruzko gutxieneko akordiorik ere lortu ez bada -inoren kargura ez dauden adingabe atzerritarrak autonomia-erkidego guztien artean modu orekatuan banatzeko, hain zuzen- Genova 13-k derrigorrezko aginduta Alderdi Popularraren berariazko borondate ezaren ondorio zuzena dela pentsatzen dut, finkatutako estrategia baten beste kate-maila bat. 

Beren komenientziara popularrek enkofratutako duintasunik gabeko euste-horma bat, bai, baina VOXen eskutik, lehentasunezko bazkidea. Legeari, nazioarteko itunei eta haurraroaren eskubideei bizkarra emanda, taktizismo hutsak eraikitako harresi bat.

Gero Sanchezen bekatuez diote…

martes, 10 de diciembre de 2024

2024 12 10_DEIA, DdNN eta NdG_Bazen behin zirku bat...








______ Bazen behin zirku bat…

Aitortu behar dut ez nuela gaiaren berri. Baina Senatuko Jauregiko Osoko Bilkuren areto zaharreko hizlarien tribunan Mayor Orejaren irudia ikusterakoan, jakin-mina sentitu nuen. Eta ezustea iritsi zen: mugimendu ultra global bateko zenbait taldetxok, ofizialki eta solemnitate osoz, festa pribatu bat antolatu zuten Estatuko hirugarren erakundean, fanatismoa- eta xenofobiaren legitimatea aldarrikatzeko, 'ezberdina'ren duintasuna eta eskubideak ukatuz, hau da, Espainiako Konstituzio gurtuaren aurkako printzipioak. Askatasuna eta bizitzaren kulturaren aldeko VI. Goi Bilera Transatlantikoa auto-deiturikoa uztailean baimendu zuen Ganberako Mahaiak, bertako kide diren senatari popularren eta sozialisten lotsarako, ez orduan ez geroxago inolako zuribiderekin. Eta bilera ordu gutxi batzuk iraundu izanak eta oihartzun askorik euki ez izanak ez diete sargoritik desenkusatzen. Tira, Maria San Gil ikusteak pozez zoraturik Senatuko atarian komunikabideak egonda -Hori ona da! Hitz egin dezatela!- lotsa eta pena neurri berdinean eragin egin zidan. Hala guztiz ere, ihardunaldian botatako hitzaldi inboluzionista sutsuak ikusita, zientziaren egiaren aurrean kreazionismoa defendatzen dezatela anekdota hutsean geratzen da. Izan ere, abortuari ezetz, jakina, baina heriotza-zigorraren aipamen bakar bat ere ez; abstinentzia zorrotza -Jainkoak agintzen duen bezalako ezkontzan izan ezik- edozertarako erremedio bihurtua, HIES-en aurkako borrokarako besteak beste; tamalez, ez du homosexualitatea sendatzeko balio, terapia bireroaleak behar dituen gaixotasuna baita; ezta hori ere herrialde askotan, non zuzenean espetxera- edo hiltzen dituzten; hara! Putinen Errusian bezala; horra hor ere Orban & Cia, 'Ordezkapen handia' teoría delakoaren defendatzaile nagusiak, ohiko xenofobiaren aldaera modernoa; denak batera kristau-ordena naturalaren defentsan, orgia borobila, hau komerie... Estatuko erakunde nagusi bat zirku bihurtu dutela batzuentzat ez omen da hainbesterako.

Bazen behin zirku bat, nanoak hazi zitzaizkiona...