martes, 2 de junio de 2026

2026 06 02_DEIA, DdNNav eta NdG_Su-etenik al dago?

_________ Su-etenik al dago?

Ziur nago datorren asteburuan Aita Santuaren etorrera iragarrita egoteak su-eten bat ekarriko duela Espainiako politikak libratzen duen gerra fratrizidan. Joan den astean Vatikanoa ikustatu zuen Sanchez presidenteak, aita santuaren testuingurua lotsa gutxiko tribuna bihurtuz, haren alderdia eta gobernua buru-belarri sarturik dauden iskanbilari buruzko bistakoa diren aitzakia zaharrak zabaltzeko. Eta atzo, hor bertan, pressing-catch moduko markaketa batean, auskalo Sanchezi edo Feijóori berari, agertu zen ere Isabel Ayuso, nahita otzana, neurritasuna, doinu goxoa eta Aita Santua bera ahaztuz patrio-txokora itzuli bezain laster. Eta bitartean, VOX-ren lider ultra Gotzain-Konferentziaren presidentearekin batera ikustarazten da, zeinari jo ta ke erasotzen ari zion Espainiako Elizaren etorkinen erregularizazioaren aldeko eta lehentasun nazionalaren aurkako jarreragatik. Eguzkia nora zapiak hara, nabarmen… Hain argi ez daukadana zera da, hiruretako norbaitek Papa Leon XIV-ren lehen entziklika irakurri duenik, zita pila, ganora gutxi, gogu gutxiago. Baina Prevost Aita Santuak adibidearekin predika egiten du: bere keinu eta adierazpen publiko bakoitzean, herrien arteko anaitasuna eta justizia eskatzen eta etorkinak defendatzen ditu, Gaza, Ukraina edo Irango gerren aurkakoa da, eta botere teknologikoaren, handiki handien eta Adimen Artifizialaren arriskuez ozenki ohartarazten du, giza-duintasuna errespetatze, babeste eta finkatzearen orduan. Eta Trump, Nethayahu edo Putinen aurka zuzenean aurre egin gabe, soilik 'gerrarik ez' aldarrikatuz argi et garbi egiten du. Beraz, badirudi egungo Aita Santuak apustu garbia egiten duela Elizaren doktrina sozialaren oinarriak berriro astintzeko.

Leon XIII-ren Rerum Novarum entziklikak funtsezko mugimendu sozial eta politiko bat sortu zuen mende ta piko baten zehar, 130 urte pasata, ikusteko dago zer ekartzeke daukan kontrolik gabeko mundu honetan ordena eta justizia birkokatzen saiatzen den Leon XIV-renak, Magnifica humanitas. Su-etenik al dago?


martes, 26 de mayo de 2026

2026 05 26_DEIA, DdNN eta NdG_ Hauxe zen, balaztatu, perspektiba nerreskuratu eta... Aurrera!

 

___________ Hauxe zen, balaztatu, perspektiba berreskuratu eta… Aurrera!

Azkenaldian, teleberri baten barruan harrapatuta bizi garela sentitzen dut. Albisteen eta gertaeren bolumena eta zarata ikusita gure egunerokoan oldarka sartuz, aitortzen dut ez naizela gai alea eta lastoa, edo estrategia hutsa eta 'kasualitateak', bereizteko. Akaso, motibaziorik falta zait soilik. Beraz, martxa balazta dezagun, oinak lurrean tinko finkatu eta perspektiba berreskuratu. Hola, geldiaraztera behartze hutsak beste berri mota batez adi egotea eraman nau, eskertzekoa. Hau da testuingurua: Irunen, aspalditik, oso harreman estua dago burdinbidearekin, lehenik Renferekin, gero ere egungo Euskotren-ekin, 'Topoa' gipuzkotarrentzat. Milaka irundar gara gure adinekoek trenekiko duten lilura heredatu dugunok, etxean kontatzen zizkiguten istorien esker, baita artxibo ezberdinen fototeka publikoen ere. Gogoan dut zein gustukoa nuen Topo zaharren triki-traka zaratatsua, zutik bidaiatzea oreka mantentzen saiatuz. Gogoan dut ere Renfeko makinak bazter-trenbidetan utzita ikustea. Halaere, ez dut burdinazko tren zoragarri haiek, beren urre-koloreko apaingarriekin, zirkulatzen ikustea gogoratzen. Tximinia ketsuak eta dantzan ari zirela ziruditen gurpil erraldoiak erritmoki jiraka errailen gainean, lokomotorrak, bagoiak, makinistaren eta erreminta-langileen irudia, geltokiko buru dotorea, geltoki zaharrak... Bada, egun hauetan, Burdinbidearen Euskal Museoa, Azpeitiko geltoki historikoan kokatua eta Euskotrenek kudeatua, iragan berezi bat berpiztuz berritzen da: hainbat bidaia eskaintzen dizkigu lurrun-tren batean ehunkako zurezko bagoiekin, garaiko CAF-tailerretan, Beasainen, eraiki zirena. Baina protagonista eztabaidaezina 1898an Manchesterren eraikitako Aurrera lokomotorra ikaragarria da, 1991an Museoak berreskuratu zuena beste txatarra bat bihur ez zedin sahiestuz. Bidaiak aparte, ba dago ere apartako erakusketak Museoko esparru ezberdinetan, besteak beste, munduko trenbide-erloju bildumarik aipagarrienetako bat.

Hauxe zen, balaztatu, perspektiba berreskuratu eta… Aurrera!





martes, 19 de mayo de 2026

2026 05 19_DEIA, DdNN eta NdG_Larrialdiak





____________ Larrialdiak

Aitortu behar dut egunkarian irakurritako albiste baten titularrak aspaldi sentitzen ez nuen ezintasuna sortarazi didala. Joan den astean Bilbon egindako jardunaldi mediko batzutan 900 espezialista baino gehiagoren aurrean zabaldutako azterlanetan ondorioaz ari naiz, zera, pediatriako larrialdietan, antsietate eta agresibitate krisiak, suizidio saiakerak, autolesioak eta haur eta nerabeen beste patologia psikiatriko batzuk in crescendo doan konstante bat dela. Hamarkada bat baino gutxiagoan, oro har, fenomenoa bikoiztu egin da, eta kasu konkretu batzuetan, laukoitza gainditu dute. Nolanahi ere, horren guztiaren eragina gaixoen bolumenetik askoz harago doa, zeren eta bakoitzak arreta denbora gehiago, baliabide espezifikoak eta etengabeko -zerbitzu-koordinazioa eskatzen baititu. Gainera, gehitu behar zaizkio horri, esku-hartze horien ondorioz, adingabeen aurkako detektatutako indarkeria-kasuak, sexu-indarkeria barne, eta eskola-jazarpenarekin eta sare sozialen eta teknologia berrien inpaktuarekin lotutakoak. Profesionalen artean kezka izugarri handia dago. Alde batetik, jakin badakitelako hori ez dela zergati bakar baten ondorio, eta horrek, lehenik jada, zaildu egiten du benetako tragedia horri ab initio ekiteko ezinbestekoak diren prebentzio- eta koordinazio-ekintzak egituratzea eta abian jartzea. Eta, bestetik, diagnostiko medikoa erraz egiaztatzen den arren, benetan zaila dena gero datorrelako, larrialdietako alta medikoa jasotzen duten unetik aurrera. Ez dugu ere fenomeno lokalizatu bat, Europa osoko haur- eta adingabeei berdin eragiten die. Zein egoera triste, zein panorama latza...

Sentitzen dudan ezintasunaz ari nintzen lehen, beldurra gehitzen diot orain egokitu zaigun mundu erotuaren zurrunbiloak berarekin eramango ote gaituen, gero eta haur gehiago, gero eta gazteagoak, izango direla normaltzat hartzeraino, garrasika laguntza eske pediatriako larrialdietara doazenak ia hitzik esan gabe. Eta zenbat izango dira ate horretara jo ez dutenak? Umeak dira, Jainko maitea!