martes, 18 de abril de 2023

2023 04 18_DEIA eta DdNNav_Gustu txarreko kontuak eta beste istorioak ❤️🧡💛💚💙🤎🖤💜❤️

 



 ___________ Gustu txarreko kontuak eta beste istorioak

Adierazpen-askatasuna, oinarrizko eskubide gisa, prentsa- eta eta iritzi-artikuluen ohiko gaia da, baita komunikabideen gaurkotasun-tertulietakoa ere, jarrera jakin baten aldeko apustua egiten dutenen eta horren aurka agertzen direnen arteko jokoa dialektikoa. Baina eztabaida gai ideologiko, politiko edo erlijiosoei buruzkoa bada, edo izen handiko pertsonei eta erakundei eragiten badie, batzuek eta besteek melodramatikoa urratzen dute. Hau da, ez dago eztabaidarik ez ideien konfrontaziorik, ezta gogorik ere, teatro hutsa bihurtzen da. Azken adibidea, Kataluniako telebistaren umorezko saio batean Rocioko Ama Birjinari egindako parodia. 'Andaluzofobia'ren eta andaluziarrekiko gorrotoaren adibide argitzat hartuta, protesta uholde bizia eragin du horrek: alderdi politikoak, gotzainak eta komunikabide orok haserre agertu dira, baita Juntako Presidentea bera ere, telebistaren zuzendaritzari zuzenketa eta barkamena adieraztea publikoki eskatu dioena. Hau burugabekeria… Iraindua ez izateko eskubidea existitzen ez den eskubidea delako: gizarte plural eta ireki batean, adierazpen-askatasunak agerian geratzea eta iraingarritzat jotzen dugun edozein iritzi onartzea esan nahi du. Errespetu falta, gustu txarra edo lotsagabetzat har dezakeguna ezin dira legalki jazarri inguruabar oso-oso zehatzak ez badaude. Beraz, legearen arabera, gorrotagarria den guztia ez da gorroto-delitua eta iraingarritzat sentitzen den guztia ez da iraina. Lagun maite batek primeran dioenez, ‘irainduta sentitzea aldarte bat da'. Eta gehitzen diot nik: holakorik ‘familiez’ bereizten da. Bakizue, besteren begian edozein samar ikusi eta abar. Izan ere, kontu honetan pertsona adina neurgailu daude: orain sumintzen direnek beste batzuei barre egiteko beren eskubidea erabili dute behinola eta hauek, berriz, beren haserrea heliaraztekoa. Eta alderantziz.

Karl Popper filosofoak zioen askatasunaren aldeko borroka inoiz zeharo irabazten ez den gerra bat bezalakoa dela. Hasi baino lehen, garaiturik izan gara dagoeneko? Askatasunaren eta umoren aldeko erronka geurea izan dadila orain eta beti.  ______________________



❤️🧡💛💚💙🤎🖤💜❤️

martes, 11 de abril de 2023

2023 04 11_DEIA eta DdNNav_Liburu bat eskuan... 📚📚📚

 




__________ Liburu bat eskuan

Duela urte batzuk, Argentinako argitaletxe batek argitaratutako La principesa izeneko liburu batekin topo egin nuen kasualitatez. Ez zatekeen ezer berezia izango liburuaren azala Saint de Exupèry-k idatzitako El principito-ren igual-igualtxoa zelako baizik: mutiko errubio bat, zutik planeta txuri batean, izarraz beterik espazio urdinari begiratzen. Baina kasu honetan, mutikoa neskato bat zen. Argitaletxeak berak argi eta garbi azaldu zuen “zergatia”: jatorrizko obraren egokitzapen feminista zen, haurren osasun emozionalak eskatzen baitzuen printze txiki bat baldin bazegoen printzesa txiki bat egon behar zela ere. Gogoan dut neure buruari esan niola, ‘ezinezkoa da, hau astrakanada’…

Urte batzuk geroago, Agatha Christie-ren Diez negritos liburuaren inguruko polemika piztu zen. Hizkuntzaren puritanoek, orduan, titulua aldatu behar zela -beraz, trama bera ere- aldarrikatu zuten, arraza-arazo batengatik irainduta senti zitezkeen kolektiboak egon ez zitezen. Txantxetakoa dirudi baina ez: argitaletxe batzuen hurrengo edizioetan ez ziren ‘beltzatxoak’ izan ‘soldadutxoak' baizik. Tira, antimilitaristeen erantzuna esperoan orain… Roald Dahlek -haur literaturaren autore handienetako bat- idatzitako istorioak berridatzi behar direla eskatzen dute ahots batzuk azkenaldian, pertsonaien ezaugarri fisiko jakin batzuk kenduz edo nortasuna aldatuz, testuak inklusiboagoak izan daitezen, beste burugabekeria bat. Hor daude ere, halaber, apartako ipuin desberdinak idazten dituzten autore garaikideei balioa eman aurretik haurren klasikoak zentsuratu nahiago dituztenak. Nork daki 100 urte barru, kontakizuin horiek akaso eragozpenak, lotsagarriak edo gaitzesgarriak izango direla zentzore berrien iritziaz.

Ez dakit nola eta noiz bihurtu garen gizarte uzkur eta konplexuz beteriko bat, holako apeta supremazistak ahalbidetzen dituena, doktrinamendu-moda berri hau kaltegabea dela pentsatuz. Ba, nire txikiak, liburu bat eskuan, amona izan zen bezain libre ikusi nahi ditut nik orain. Besterik ez.

📚📚📚

























                                                                                                                                            📚📚📚

martes, 4 de abril de 2023

2023 04 04_DEIA eta DdNNav_Han, hemen, edonon... 🖤🖤🖤





_____ Han, hemen, edonon.

Lagun mina eta idazle bikain batek, ‘Diario de Cadiz’ delakoaren ohiko kolaboratzaileak ere, Aste Santu baten bezperan, Jesusen eta gurutzean iltzatu zutenen giza izaerari buruz idatzi zuen. Erritualetatik eta egia absolutuetatik haratago begiratzera gonbidatzen gintuen testo ederra zen. Beraz, urteak bete ahala, hobeto ulertzen dut nik. Esan nahi dut naturaltasun osoz onartzen dudala Aste Santuko liturgiaren keinu batzuek ezinbestean harrapatzen nautela. Jakinik, dakidan bezala, nire kasuan ez dela fede kontua: ez dut dogmetan sinesten, ezta askotan arinkeriaz jokatzen duen eta errespetarazten ez den Elizak agindutako arauetan ere. Sinesten dut, ordea, pertsonengan, beren beldur, akats eta kontraesana guztiekin, beren kemena- eta ontasunarekin. Uste dut bakoitzaren fedeak balio izugarria duela, bakarra eta besterenezina delako hain zuzen. Esan nahi dut egun batean Gurutze-bide eginez San Martzial baselizara oso goiz igotzen banaiz, ez dela inork esaten didalako nigandik espero dena egiten ari naizela. Motibatzen nauena, ostera, Irungo bizilagunekin batera tontorrerako bide aldapetsua egin ahal izatea da. Ostiral Santuko Isiltasunaren Prozesio zirraragarria begiratzeak, Hondarribian, malkoraino hunkitzen nauela aitortzen dut ere: ez dagola arrantzale hondarribiar bezalako lepakaririk, pauso sendoa eta begirada altxaturik, hemen emozioak denen agerian bizi baitiren. Edo Eukaristia nagusia Irungo Juncaleko Ama Birjinaren Parrokian, Berpizkunde Igande bakoitzean, beti Aberri Eguna. Eta hau guztia horrelaxe da, bakoitzaren sentimenduak, fedea deiturikoak, liturgia eta erritu oro gainditzen duelako, bizitzaren benetako zentzua ezagutarazten digun misterioa da. Egun hauetan, fededunak izan ala ez, are errazagoa da holako egia aitortzea: bizitza etengabeko berpiztea da, heriotzak ere, gurutziltzatutako Kristorena izan arren, garaitu ezin duena.

Hona hemen nere Enrique Montiel maiteak, San Fernandoko cadiztarrak, sinatu zuen iritzi-zutabe zahar batek dariona. Han, hemen, edonon ________________________________________



                                                            🖤🖤🖤                                                       


miércoles, 29 de marzo de 2023

2023 03 28_DEIA eta DdNNav_Airean botatako txanpon disdiratsu bat?


________ Airean botatako txanpon disdiratsu bat? 

Nire haurtzaroko etxea zaharra zen, gela askorekin. Irundik kanpo bizi ziren senide eta lagunak, txangoren batetik bueltatik zirenean, bertan igarotzen ziren gaua. Garaian, erregimen frankistaren zentsura Hegoaldean nagusi zen, beraz Iparraldeko zineek kolpe ederra egiten zuten kanpoko jendearekin, ‘Pariseko azken tangoa’ filma koroaren bitxia zen. Hauxe gogora etorri zait azken egunotan, Irundik Donibane Lohitzunera filma bera ikustera hurbildu ziren hiru gazte galiziar desagertu zirenetik 50 urte igaro direla eta. Oraindik inork daki non dauden Humberto Fouz-, Fernando Quiroga- eta Jorge Garciaren gorpuzkiak, ETAK bahitu, torturatu eta hil zituenak polizia espainiartzat hartzeagatik. ‘Almeria Kasua’ deiturikoa gogoratu dut gero ere: Luis Montero, Luis Cobo eta Juan Mañas gazteak autoz zihoazen Kantabriatik Almeriara jaunartze bat ospatzeko: 1981eko maiatzak 8an, Guardia Zibilak atxilotu zituen; gutxitara haien gorpuak torturatuta, bala-kolpe ugarirekin eta kiskalita agertu ziren bigarren mailako errepide batean haien auto barruan; epaiketa egon zen, teniente koronel bat eta bi menpeko homizidioaz kondenatu zituzten, ETAko kidetzat hartu izanak erahil zituztela frogatuta geratu arren. Azkenik, gaur, martxoak 28a, aurreikusita dago Polizia Nazionaleko zazpi agentek identifikatze-biribila batean parte hartzea Gipuzkoako Auzitegian 39 urte pasa ostean: 1984ko martxoak 22a, Pasaiako badian, KAA zen talde bati segada bat egin zioten; lehen, Pedro Mª Isart eta Jose Mª Izula tiroz erahil hil zituzten, segidan Dionisio Aizpuru eta Rafael Delas bizkarratik metrailaturik; taldeko kide bat bizirik atera zen soilik; polizia-ekintzak ez zuen atxiloketarik bilatzen haien heriotza baizik, gorpuek guztira 113 bala zulo zituzten.

50, 42 edo 39 urte igaro badira ere, Etak zxein Estatuak zabaldutako basakeria terrorista berbera da, justifikaezina. Eta biktimak ez dira airean botatzen den txanpon disdiratsu bat. Hala nahiago duenak, edonor dela ere, ez du inolako zilegitasunik euskal gizarteari ezer eskatzeko. Dakienak badaki...