martes, 3 de noviembre de 2026

2026 11 03_DEIA, DdNNav eta NdG_Trenak eta erantzukizuna








_________ Trenak eta erantzukizuna

Joan den larunbateko Urdako tren istripu tragikoa eztabaida publiko oro bereganatzen jarraitzen da eta haren inpaktuak hankaz gora bueltatu du agenda politikoa, Hauteskunde Orokorren aurre-giro aztoratua are gehiago polarizatuz. Hainbeste non gertatutakoaren xehetasunik mingarrienak beita alderdikoi bihurtzeko arriskua, dagoeneko egitate bat da. Erantzukizunak eskatzea guztiz derrigorrezkoa da, nola ez, baina kontzeptuak eta egokitasuna neurtzea komeni da, ze erantzukizun politikoa gauza bat den eta, beste ezberdin bat, erantzukizun penala. Bistakoa da ere zenbait bozeramaile politikok erakusten dituzten oportunismo eta nagusitasun morala, dolua munizio elektoral bihurtuz. Egiaztatzeko, tamalez, nahikoa da sare sozialetan paseo bat ematea.

Erantzukizun penala ez da mitin edo telebistako plato batean, ezta ad infinitum errepikatutako tuitetan ezartzen ere. Ezin da ebatzi berme guztiak dituen prozedura judizial batetik kanpo, eta denbora judizialen geldotasun jasanezinaren gainetik dago. Erantzukizun politikoa, aldiz, in situ ebazten da: garraio publiko bateko bidaiarien segurtasuna bermatzeko betebeharra ez da baliabideena, emaitzena baizik. Objektiboki, eta giza tragedia baten aurrean (Angrois, Adamuz eta orain Urda) dagoen zirrara amaigabea salbatuz, heriotza eragin duen tren istripu baten erantzukizuna, berez, zerbitzu-titularreri, zera, haren kudeatzaileari, dagokio. Izan ere, ezinbesteko kasuetan izan ezik, istripua eragin duten zergati zehatzak edota horien zuribideak ez dira kontuan hartzen. Bestaldetik, publikoki azalpenak eskaintzea karguarekin doa, baita ere politikoki eta zuzenean bere gain hartzea ezbeharraren ondorioak.

Bigarren tragedia urtebete baino gutxiagoan, 115 hildako, ehunka eta ehunka zauritu... Erantzukizun politikoak? Zalantzarik gabe, dagokionaren dimisioa edo haren kargugabetzea. Eta lehenengo eta behin, beti, biktimekiko eta haien senideekiko elkartasuna eta hurbiltasuna. Haien samina, dolua, gurea izan zitekeen.