martes, 20 de junio de 2023

2023 06 20_DEIA eta DdNNav_Frontex on fire

 

















_________  Frontex on fire

Joan den ostiralean, Ylva Johansson, Europar Batasuneko Barne Arazoetako Komisarioa, prentsaurrekoan agertu zen migratzailez betetako arrantza-ontzi bat, Itsaso Jonikoko gunerik sakonenean asteazken goizaldez, hondoratu zela eta. Hondoratze horren biktimen kopurua oraindik zenbaturik ez dago, ehunka pertsona zerama itsaontziak: 104 besterik ez dira bizirik erreskatatu eta, itsasoan galdutakoen artetik, 78 gorpu berreskuratu dituzte soilik. Denak gizon gazteak ziren, emakumeak eta haurrak itsasontziko sotoan bildurik baitzeuden. Johansson andreak berak baieztatu egin zuen Mediterraneoko migrazio-tragedia handienetako bat izan dela. Bai… eta orain? Ze eztabaidaezina den, alde batetik, tragedia iragarria eta neurri handi batean saihesgarria izan dela eta, bestetik, badakigula ez dela azkena izango. NBEk emandako datu ofizialen arabera, 2014tik hona Mediterraneoan hilda- eta desagertutako migratzaileak 27.000 dira, 2.400 baino gehiago iaz eta aurten, azken hondoratzea zenbatu gabe, 1.116 dira jada. Neure buruari galdetzen diot nik: Nola iritsi gara honaino? Norbaiti axola al dio ehunka, milaka migratzaile hil edo desagertze? Europari, egia esan, ezetz dirudi. Erantzuna ez da unibokoa, plurala eta konplexua baizik. Hala ere, ez izatea begirada eta arreta desbideratzeko inongo justifikazioa. Tira ba… Berak duen erantzukizuna helarazten du EBk mafiei eta krimen antolatuari errua zuzenki egotziz. Aldi berean, milioika euro ordaintzen die deituriko 'huts egindako' estatuei -hala nola Libia edo Tunizia- baita Turkiari ere, migratzaileak haien kostaldetik ateratzea saihesteko edota itsasoan atzematu ondoren hara bueltarazteko, NBEk berak torturak eta gizateriaren aurkako krimenak dokumentatu dituen atxilotze-zentroetan giltzapetzeko. Gainera, ageri-agerian dago Europako migrazio-politika bateraturik ez dagola, itsas salbamenduko eta migratzaileak erreskatatzeko operazinoak esklusiboki polizia-operazino bihurtzeko baita mugak ixteko eta kontrolatzeko ere, izan ezik.
Frontex on fire.









































martes, 13 de junio de 2023

2023 06 13_DEIA eta DdNNav_Hitz bat besterik ez... 💔💔💔










________ Hitz bat besterik ez 

Honako gai bati heltzea, hain gertutik ukitzen gaituenean, zeregin zaila da beti. Era guztietako sentimenduak nahasten dira, azken finean gizakiak gara eta sentitzen duguna propioa eta besterenezina zaigu. Baina ziurtasun objektiboak eta ukaezinak ere badaude, noski. Hainbesteraino non, uneren batean, denok ikus baitezakegu geure burua islatuta beraietan, bizitzea ere hauxe baita: gainditu beharreko oztopoen eraginpean egotea, zorigaitza edota halabeharra bera ere bai, geldiaraztea, arnasa hartzea eta aurrera jarraitzea. Nioena ba… Joan den astean, Martin menditikan buelta bat ematera atera zen, ohi bezala. Bera bezalako tipo zuhur eta metodikoa, kirolaria eta toki ezagutzen zuena, hiru egunez desagertuta egon zen. Hiru egun izugarri gogor familia- eta lagunerentzat baina, aldi berean, bilaketa-operatiboa abian jarri zen lehen minututik, elkartasun eta eskuzabaltasun handiko alardea izan da ere, erabatekoa. Alde batetik, Ertzaintzak mobilizatutako era guztietako baliabideak -Larrialdietarako eta Herritarren Babeserako Zerbitzuak, Zaintza eta Erreskate Unitatea, Txakurren Unitateko eta Droneen Unitateko kideak eta, in situ, ez dakit nik zenbat ertzain-, Babes Zibila, Gurutze Gorria -Itsasoko Saila ere-, DYA, Euskadiko Salbamendu Txakurren Taldea, Suhiltzaileak eta abar. Eta bestetik, Jaizkibelen dagoeneko martxan zeuden bilaketa operatiboekin bat egin zuten ezin konta ahala boluntarioak. Hau da, senideak, koadrilakoak, gertukoak, lagunen lagunak… baita ere, gu arteko inor ezagutu gabe, larrialdi zerbitzuek zabaldu zuten deiari erantzunez bertara hurbildu ziren guztiak. Martin tipo xarmangarria, jatorra eta bihotz erraldoi batekoa zen. Jaizkibelen, azken egunotan, eskuzabaltasun eta xamurtasun handiz, deus jaso espero gabe, lagundu, babestu eta zaindu gaituzten profesional eta boluntario guztiei esker, gogor taupadaka sentitu dugun bihotz bera, hain zuzen...

Lerro xume eta hunkitu hauen bidez eskeinitakoak izan ezik, hitzarik ez. Tira, hitz bat besterik ez akaso: Milesker.

  

martes, 6 de junio de 2023

2023 06 06_DEIA eta DdNNav_Mendebaldeko Sahara, berriro ere... ⚫🔴🟢

 



























_________ Mendebaldeko Sahara, berriro ere.

Txikikeria bat besterik ez badirudi ere, Mendebaldeko Saharako gatazka deiturikoan batzu- eta besteren jokabidea nabarmen erakusteko balio dezake, ea ba… Sahararren interes legitimoak, giza eskubideak, eskubide zibilak eta politikoak zapaltzen dituztenak ez dira disimulatzen gehiegi ahalegintzen, berdin dio Marokoko satraparen aliatu zaharrak edo mahaira gonbidatu berriak izatea, guztiek ere iritzi publikoa deritzonaren memoria txarraren komodina dute, beti haien alde jokatzen duena. Ziur nago Pedro Sanchezek -baita erregimen ustel eta antidemokratiko hori zurituz belarrira hitz egiten diotenek ere- hola pentsatzen zuela iaz Saharari buruzko Espainiaren ohiko jarrera politikoari 180ºko bira ematea erabaki zuenean, hau da, Marokok militarki eta indarrez okupatutako saharar lurraldearen subiranotasuna modu inplizituan aitortzea. Eta, zergatik ez, ziur aski ez bazion inolako higadurarik eragingo, ez Gobernu gisa, ez etortzeko ziren hauteskundeetan? Memoria txarrari, iritzi publikoari eta abarri buruz nioena… Eztabaida interesgarria sor lezake horrek baina gaur ez da eguna. Gaurko kontua Espainiako presidentea eta Gobernua berriro lotsaren ispiluaren aurrean jartzea da: Joan den larunbatean, Ines Miranda eta Lola Travieso abokatuak Mendebaldeko Saharatik kanporatu zituzten Marokoko militarrek. Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak komisionatutakoak Sahara okupatuan giza eskubideen egoera behatzeko misio bat betetzeko, legez kanpo atxikiturik egon ziren aireportuan, El Aiunera sartu ahal dezatela indarrez galeraziz. Ez da lehenengo aldiz izan, ez da ere azkenik izango, zoritxarrez.

Marokoko agintariek sistematikoki urratzen dituzte giza eskubideak eta askatasun publikoak, inpunitate osoz jarduteko aukera ematen dietenen urrezko laguntzarekin. Holako jarreraren konplize izateak, eskrupulurik gabeko satrapa doilor baten etengabeko xantaiaren menpe egoteak, Espainiako nazioarteko irudiari zein estatusari inolako mesederik egiten ez du.

Beraz, qui prodest? Norbaitek al daki? _________________________________________________



⚫🔴🟢