martes, 15 de agosto de 2023

2023 08 15_DEIA eta DdNNavb_Zubiak

 

______ ZUBIAK

 Bidasoa ibaia -Errazu herri nafartarran Baztan izenez jaiotzen dena- zubi ugarik zeharkatzen dute Txingudi badiako bokaleraino. Nortasuna propioa dute denek, zuhaitz artean ezkutatua dagoen zubirik xumeenatik, milaka eta milaka ibilgailuen egunean edo trenbidearen beraren pisua eusten dion zubitara. Eta, hitz egin ahal izanez gero, xehe-xehe kontatuko lukete mendeetan zehar ibaiaren bi bazterreko herrien eta jendearen bilakaera, hau da, auzotasunezko harremanak, eztabaidak, erronkak, norberaren zein arrotzeen bizipenak eta abar, sarritan muga naturala bera gaindituz. Jar dezagun testuinguruan orain bizitzen ari garena… Bidasoa ibaiak zeregin estrategikoa izan du beti Frantzia eta Espainia estatuen arteko harremanetan. Eta, jakina, garen mugarik gabeko Europan, are iraunkorragoa da, Txingudiko eskualdea errealitate dinamiko, ireki eta askotarikoa bihurtuz. Baina txanpon orok bi alde ditu: Irun eta Hendaia arteko nazioarteko lau zubietatik, Avenida izeneko zubia lotsaren zubi bihurtu da. Pandemia garaia nahitaez eten pasata, 2021eko urtarriletik itxita dago Frantziako aldetik, jendarmeek zainduta, terrorismoaren aurkako neurri politikoen aitzakipean. Mugako bi aldeetatik eskaera ofizial asko izan dira egoera hori iraultzeko, alferrik. Baina, 2023ko Tourra iritsi zen eta, hara! uztailaren 3an berean ireki egin zuten txirrindulariak pasa zitezen, munduko telebistetan paraje idiliko bat erakutsi ahal izateko. Soilik 12 ordu geroago, foku mediatikotik kanpo dagoeneko, itxi egin zuten berriro. Eta hola jarraitzen du. 

Joan den astean, Arartekoak jakinarazi zuen ekintzak hasi zituela Europako Batzordearen aurrean -Schengengo Akordioaren arau arruntak salbuetsi ditzaketen mugako itxiturei oniritzia emateko ardura duen organoa, hain zuzen- arbitrariotasun hori salatuz eta itzultzea exijituz, Avenida Zubian normaltasuna berreskuratzeko, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko gainerako pasabide eta zubietan bezala. Ikusiko dugu.

La grandeur de la France, berriro ere, ñiminua da. Oso.













martes, 8 de agosto de 2023

2023 08 08_DEIA eta DdNNav_Hamabitakoa 🍷🥃🥂




 _______ Hamabitakoa

Joan den astean, lagun batek eta biok ibilaldi luze baten eta dagokion hamabitakoaren apeta eman genion elkarri Donostian. Aurrekoetan ezagutzen genuen alde zaharreko taberna dotore baten barruko mahai bat aukeratu genuen. Bera esertzen zen bitartean, edariak eta pintxo pare bat eskatu nituen nik barran, kontua ordaindu nuen eta harengana hurbildu nintzen. Oso haserre zegoen: hartutakoa eskatzen ari nintzenean, zerbitzari atsegin batek, inolako azalpenik eman gabe, gure mahai gainean arbeltxo bat jarri zuen zuriz margotutako zenbaki batekin: 12’15. Hau komerie… Mahaia libre utzi behar genuen bazkari txanda hasten baitzen segidan eta, kronometroa eskuan, gu eta gu bezalako beste batzuk, kanpora! Ez naiz zalantzan jartzen ari enpresaburu batek bere negozioa komeni zaion bezala kudeatzeko duen askatasuna baina, bezero gisa, gutxieneko begirunez eta errespetuz tratatua izateko eskubidea dut, inoiz ez matxuratutako merkantzia bagina bezala. Koronabirusaren krisiak ostalaritza sektorea gogor jo zuela ikusita, normaltasun berria delakoarekin bezeroen itzulera errentagarri izateko neurri ezberdinak iritsi ziren ere, denbora tasatua kontsumo motaren arabera edota gutxieneko mahaikide kopuru bat, besteak beste. Testuinguru konkretu horretan erabateko ulergarriak ziren baina, gaur egun? Hiru urte geroago? Itzela dirudit, gehiegizkoa. Dena den, ahaztu dezagun freskuran afaltzea bakarrik edo bikoteka joanez gero; termo batekin etxetik atera behar da goizero, kaleko banku batean eguneko lehenengo kafea dastatzeko; hamabitakoa, hobe 9etan; giriz mozorratu gaitezen ere bazkal-orduan, Angelus-kanpaien konpasez entsalada onduz.

Diotenez, turista estatubatuar batek Bilboko taberna batean jasandako tratu eta engainuaren ondoeza jakinarazi zion Udalari: eskatu ez zuena zerbitzatu eta behar zen baino 4 aldiz gehiago kobratu zioten. Iñaki Azkunak, garaiko alkatea, kexuari erantzuteaz gain, sektoreari irmo ohartaraztu zion: ongi trata ditzagun bisitatzen gaituztenak! Tira ba… Etxekoak ere bai!


  

martes, 1 de agosto de 2023

2023 07 31_DEIA eta DdNNav_128 urte 🔴⭕💚











 ________ 128 urte

128 urte bete egin du atzo EAJk, apartako ibilaldi baten hasiera ospatzeko eguna. Badira gogoratzea interesatzen ez zaienak baina, Europan, PSOE eta EAJ alderdi dekanoak direla egi hutsa da. Ea, nioena… 1895eko uztailak 31ean hasi zen dena. Egun hartatik hona EAJk egindako bidea luzea izan da, sarritan zaila, beti emankorra, helburu zehatz baten alde tresna bihurtuz: Euzkotarren Aberria, Euzkadi, eraikitzea. Zerbait izango luke urte luzez kalumniatua izan den Sabino Aranak bere lan politikoak eta asmatutako ikurrek, hala nola ikurriña edo Euzko Abendaren Ereserkia, denboran iraun badute eta mundu osoan euskaldun gisa irudikatzen bagaituzte. Sortu zuen alderdia gaur egun erakundeen buru eta gobernu-alderdia da eta Espainiako politikaren erabakietan eragina behin eta berriz berritzen du. 1918az geroztik Madrilen gaude Gorte Nagusietako kide izanez, gure idealak eta proposamenak zintzoki defendatzen, politika egiten. Izan ere, EAJk beti jakin izan du behar zuen tokian egoten: 1923an Primo de Riveraren diktaduraren aurka, 1936an "Altxamendu Loriatsuaren" aurka ere, 1977an demokraziaren alde, 1981an estatu-kolpearen aurka, 1982an LOAPAren aurka eta abar luze bat. Une oro, Irujok zioen bezala, inoiz ez erasotzaileen parte izanda. Tira ba,  aditzaile onari, hitz gutxi. Zera, Espainiako ultraeskuina geldiaraziz orain, konplexurik gabe. Estatuko politikan une kritikoren bat egon denean EAJ beti hor izan delako, hirritar guztion eta Euskadiren interesak zainduz. Ez dut uste gaur gorenean daudela dioten guztiek gauza bera esan dezaketenik, gure ibilbideak bermatzen gaitu: 128 urtean zehar ez gara inoiz ezkutatu, ezta arazoren bat saihestu. Beraz, kontuak oker etor zaikigunean, berdin dio zein momentutan edota arrazoigatik, hola aitortu behar da, autokritika zintzo egitea, erantzunkisunez, eta lanean jarraitzea.

Gure bidea garden eta irmoa delako, gure grina eta balioak ere bai. Indarkeriarik gabe, ahanzterik ez. Demokrazia eta askatasun osoaren alde. Harrotasunez, apaltasunez. 

Beti JELpean _______________________________________________________________________




🔴⭕💚