martes, 17 de octubre de 2023

2023 10 17_DEIA, NdG eta DdNN_Begia begi truk 💔💔💔






________ Begia begi truk 

Lerro hauek idazten ari naizenean, oraindik ez da gertatu Israelek iragarritako lurreko erasoaldi militar handia. Balizko su-eten batez hitz egiten da ere, laguntza humanitarioa iristea errazteko, auskalo. Dena den, isolatuta, urik eta hornidurarik gabe eta bonbardaketa gogorrak sufrituz, Gazako egoera kritikoa da, berehalako kolapsora behartua. Lur-zerrenda txiki horretan, 2,3 milioi palestinar daude giltzapetuta hamarkadetan, Israelen setio zorrotzaren mende, bai. Baina baita Hamasen tiraniaren mende ere, 2007tik lurraldea kontrolatzen duen arrazoi eta gizatasunaren zantzurik gabeko talde armatua. Joan den hilaren 7an zibil israeldarren aurka egindako eraso basatiak, aurretik inoiz ikusi ez den ankerkeria batek, Hamas protagonista-rol berri batean egokitzen duela dirudi, Israelgo historiako gobernu ultra erradikaleneko presidente Nethanyahu ustel eta zalantzan jarri baten aliaturik onena bihurtuz. Hamaika ikusteko jaioak… Analista askok uste dute ekintza horrek Saudi Arabiak -inguruko herrialde musulmanen trakzio-indarra- eta Israelek estatu gisa onartzeko zituzten elkarrizketak ezegonkortu nahi zituela. Izan ere, blokeatu egin dituzte jada saudiek. Hala ere, 10 egunetan soilik, dagoeneko 1400 israeldar eta 2700 palestinar hil dira, horien artean ehunka eta ehunka haur. Eratzen ari den jokalekua jasanezina da, oso panorama gogorra iragarriz. Mundu mailan eragina, bere aldagai, helburu eta definitzeke dauden aliantza geoestrategikoekin, ezin dugu aurreikusi. Nolanahi ere, egoera hori bideratzeko formula edozein dela ere, estatu, erakunde eta eragile guztiei NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Zuzenbideko arauak eta printsipioak defendatzeko eta betetzeko eskatzea ezinbestekoa da, baina, batez ere eta beste edozein aldarrikapen baino lehen, Giza Eskubideen errespeturik zorrotzena exijitu behar da. Edozein egoeratan, jakina, baina egoera batean goragoko eskakizun bat badago, gerra kasuan da, hain zuzen ere.

Begia begi truk eta mundua itsu amaituko da. Akaso, dagoeneko bada.


(c) Maitane Azurmendi
  

martes, 10 de octubre de 2023

2023 10 10_DEIA, NdG eta DdNN_'Zan, Zendegi, Azadi' 💜💜💔






 _________ Zan, Zendegi, Azadi

2023ko Nobel Sarien kategoria ezberdinetako garaileak ezagutzen ditugu dagoeneko, batzuk aho batez iritzi publikoak txalotuta, besteak beste Bakearen Nobel saritu berriarena, Narger Mohammadi, emakume irandarra, Giza Eskubideen aldeko ekintzaile bikaina. Bere aktibismoa unibertsitateko ikasle garaian piztu zen. Ordutik, bere bizitzaren zehar, urteaz urte, zorrotz indartu egin du Irandako emakumeren eskubideen aldeko figura ospetsuenetako bat izan arte. Irmo mantentzen duen hartutako konpromisoa larrutik pagatu du: agur ibilbide profesionala, familia -senarra eta bi seme Frantziako erbestean bizi dira-, haren askatasuna bera. Mohammadik 51 urte ditu eta Irango Evin presondegi beldurgarrian dago, 31 urteko espetxe-zigorra guztira osatzen duten 5 kondena betez. Berea Iranen historiako bigarren Nobel Saria da, biak ere Bakearen Nobel saridunak, biak emakume bati emanda. 2003an, Mohamed Jatamí erreformista Irango presidente zela, Nobel Akademiak Shirin Ebadi abokatua saritu zuen, "demokrazia- eta giza eskubideen aldeko borroka, emakumeen eta haurren eskubideei dagokienez bereziki" (sic) eta muturreko islamistek bere eta bere familiaren aurka mehatxuen aurrean erakutsitako ausardia nabarmenduz. 20 urte igaro dira, eta? Ez dirudi ordutik hona gauzak aldatu direnik, are gutxiago hoberako: salaketa eta errebindikazio berberak dira; erregimenak manifestazio baketsuak basatiki zapaltzen jarraitzen ditu; iaz Masha Amini izan genuen bezala, koman dagoen Amita Geravand neska dugu gaur, zapi islamikoarekin lotutako eraso baten ondorioz ere; eta horra hor ere bermerik gabeko epaiketeren ondoren, ekintzaile zibilen exekuzio sumarioak.

Irango emakumeek, gero eta gizon gehiagorekin batera, zapalkutzaren aurka tinko borrokatzen jarraitzen dute, erreplikarik gabeko ohiu ahaltsu eta xume bat lau haizetara zabalduz: “Zan, Zendegi, Azadi”, hau da, Emakumea, Bizitza, Askatasuna. Haien ausardiak saririk preziatuenak baino askoz gehiago merezi du. Dena den izugarrizko min sortarazten du, infinitua.


💜💜💔

martes, 3 de octubre de 2023

2023 10 03_DEIA, DdNN eta NdG_Bekatu nagusiak ❌❌❌

















































______ Bekatu nagusiak 

Espainiako Elizari eragiten dion azken eskandalua joan den astean piztu zen, Diputatuen Kongresuan kontu profano batzuei buruz eztabaidatzen zen bitartean. Zuzen-zuzenik dagokienari dagokionez, zertzo bat ahopean adierazi dute gotzainen bozeramaileek. Aitzitik, oraindik inork deus ez dakienari buruz, amnistia famatuaz ari naiz, haien kondena publikoa helarazi dute dagoeneko, debaldeko barra... Eta hauxe diot nere buruari: Apezpiku-Batzarra hain azkar eta arin erantzuteko gai bada zenbait kasutan, seguru gauza bera egin dezaketela beren kideen artean sortzen jarraitzen diren abusu-kasueen aurka, biktimak batzen jarrai dezaten saihestuz. Edo aspalditik zipriztitzen dien izugarrikeria den pederastia ikertzeko, komisio arduratsuak eta egiarekin irmo konprometituak aktibatuz. Tira, nazioartean jarraibidea kasu guztietan berdina izan arren -urte eta urtetako agonia motela bat, lehengo eta behin gertakariak onartzari uko eginetatik egia osoa aitortzeraino, bost axola nor erortzen den ere-, Alemanian, Irlandan, Frantzian, Belgikan, AEBetan, Australian edo Portugalen, besteak beste, sustatu den jarrera antzeko bat zain gaude oraindik Espainiako Elizarengandik. Honen aurkako Vatikanoko zero-tolerantzia politika berria -iraultzatzat baino desideratum-tzat askoz gehiago euki arren- Bergoglio Aita Santuak berriki bultzatutakoa izan da. Hala ere honek ez du Eliza Katolikoa libratzen bere barruan urte askotan zehar egindako eta izkututako iraganeko ankerkerien erru eta erantzukizunarengandik, gertatutakoa jadanik publikoa eta nabarmena da. Beraz, garai berri honetan, koherentzia hutsagatik, zorrotz gupidagabea izan beharko luke Elizak, gaur egunean egiaztatzen edo azaleratzen ari diren abusu-kasuen abusutzaile, languntzaile eta estaltzaileekin.

Bada, adeitsu, ulerbera edo axolagabe izanik, Espainiako Elizak ez du hari buruz espero dena egiten, bere burua profilean jartzen jarraitzen duela eta. Amnistia edo beste bekatu nagusiak direnean izan ezik. Orduan, jakina, urrezko dominaren bila.





❌❌❌