________ Begia begi truk
Lerro hauek idazten ari naizenean, oraindik ez da
gertatu Israelek iragarritako lurreko erasoaldi militar handia. Balizko su-eten
batez hitz egiten da ere, laguntza humanitarioa iristea errazteko, auskalo. Dena
den, isolatuta, urik eta hornidurarik gabe eta bonbardaketa gogorrak sufrituz,
Gazako egoera kritikoa da, berehalako kolapsora behartua. Lur-zerrenda txiki
horretan, 2,3 milioi palestinar daude giltzapetuta hamarkadetan, Israelen setio
zorrotzaren mende, bai. Baina baita Hamasen tiraniaren mende ere, 2007tik
lurraldea kontrolatzen duen arrazoi eta gizatasunaren zantzurik gabeko talde
armatua. Joan den hilaren 7an zibil israeldarren aurka egindako eraso basatiak,
aurretik inoiz ikusi ez den ankerkeria batek, Hamas protagonista-rol berri
batean egokitzen duela dirudi, Israelgo historiako gobernu ultra erradikaleneko
presidente Nethanyahu ustel eta zalantzan jarri baten aliaturik onena bihurtuz.
Hamaika ikusteko jaioak…
Analista
askok uste dute ekintza horrek Saudi Arabiak -inguruko herrialde musulmanen
trakzio-indarra- eta Israelek estatu gisa onartzeko zituzten elkarrizketak
ezegonkortu nahi zituela. Izan ere, blokeatu egin dituzte jada saudiek. Hala
ere, 10 egunetan soilik, dagoeneko 1400 israeldar eta 2700 palestinar hil dira,
horien artean ehunka eta ehunka haur. Eratzen ari den jokalekua jasanezina da,
oso panorama gogorra iragarriz. Mundu mailan eragina, bere aldagai, helburu eta
definitzeke dauden aliantza geoestrategikoekin, ezin dugu aurreikusi. Nolanahi
ere, egoera hori bideratzeko formula edozein dela ere, estatu, erakunde eta
eragile guztiei NBEren ebazpenak eta Nazioarteko Zuzenbideko arauak eta
printsipioak defendatzeko eta betetzeko eskatzea ezinbestekoa da, baina, batez
ere eta beste edozein aldarrikapen baino lehen, Giza Eskubideen errespeturik
zorrotzena exijitu behar da. Edozein egoeratan, jakina, baina egoera batean
goragoko eskakizun bat badago, gerra kasuan da, hain zuzen ere.
Begia begi truk eta mundua itsu amaituko da. Akaso,
dagoeneko bada.
|
No hay comentarios:
Publicar un comentario