martes, 26 de julio de 2022

2022 07 26_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_Kutxa Entrega, Hondarribia magikoa... 💚💚💚







Kutxa Entrega __________________________ 

Atzo arratsaldean, Hondarribian, Gipuzkoan, Kutxa Entrega ospatu genuen. Kutxa, berez, neurri eta pisu handiko zurezko kutxa zahar besterik ez izan arren, antzinako erritual baten eta horri eusten dion erakundearen ikurra da: Hondarribiko San Pedro Itsas Gizonen Kofradia sekularra, hain zuzen. 1361ean sortua -ohiturazko araututa lehenago existitzen zela dakigun arren- munduko gizarte-erakunde zaharrenetako bat dela ziurtatu daiteke. Tira... 

Santiago egunean, Portua izeneko ezagutzen den Hondarribiko arrantzale-auzoan hiri zaharraruntz abiatzeko desfile alai eta ikuskarri bat prestatzen da. Udal Musika Bandak eta, hamabi txotxuk, arraunak sorbaldan eramanez, hasten dute martxa. Haien atzetik, Manilako mantoi koloretsu batekin jantzita, Kutxa eramailea, arrantzale-familiako neska bat. Gero, erakundeetako eta Kofradiako agintarien txanda da eta, azkenik, arrantza-ontzien patroiak, kofradiakideak eta arrantzaleak doaz. Behin hirigune historikoan, Jasokundeko eta Sagarrondoko Andre Mariaren Parrokiako sakristian, aurreko urteko arrantza-balantze xehatz eta kontuak emateko ekitaldi solemnea egiten da eta, lau urtean behin, ekainaren 29ean -Done Pedro patroiaren eguna- aukeratutako Kofradiako zuzendaritza-batzordeko kide berrien karguaren hartzea ere. Horrela, erlikiak, liburuak eta Kofradiako jarduera ziurtatzen duten gainerako dokumentuak Kutxara itzulitakoan, egindako bidea desegiten du desfileak. Portuan dagoeneko, Kofradiaren egoitza den eraikin xumearen arko historikopean, Kutxa eramaileak bere buruari bira eta bira eta bira egiten dio antzinako oparotasun erritu bat berrituz, zenbat eta buelta gehiago eman, orduan arrantza-harrapaketak hobeak izango baitira. Aurten, eguneko protagonista Olatz Oronoz izan da eta 100 bira egitea lortu egin du...

Kutxa Entrega egunean, nere bihotz irundarraren taupadak hondarribiar bihurtzen dira naturaltasun osoz. Harrotasunez ere, Hondarribiko gizon-emakumeek irmo sinisten dudan balorenetako batez urtez urte sendotzen dutelako: Izan zirelako, gara, garelako izango dira. Herri-nortasunaren zeinuak, ezaugarriak… 

Hondarribia magikoa.



 



























                                                                    

                         
 

💚💚💚

martes, 19 de julio de 2022

2022 07 19_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_Oiasso ⚫⭕🔴


 
















  







OIASSO ____________

Oiasso izeneko erromatar hiri baten berri izan nuen lehen aldia nerabezaroan izan zen, Donostiako Udal Aurrezki Kutxa zenak argitaratutako monografia txiki bati esker, ‘Irun, Bidasoako herri bat’. Erromako geografoek -Estrabon, Plinio edo Ptolomeo, besteak beste- ondo kokatu zuten Oiasso hiria: baskoien eskualdean, Galiako mugan eta itsasoaren ondoan. Baina gaur, zein tokitan? Kiniela guztietan azaltzen ziren Oiartzun eta Donostia, Errenteria eta Hondarribia noizbehinka, Irun inoiz ez. Hala ere, behin Irun izena ofizialki aipatuta, geroztik eztabaidarik ez. Ikertzaileek eta arkeologoek egindako egundoko lanari esker erakundeen laguntzarekin batera, nire arbasoen lurpetik sortzen ari zen Oiasso hiri erromatarra. Etengabe- eta eskuzabalki, garaiko aztarna ugari azaleratu dira Irunen: Ama Xantalen ermitaren azpiko antzinako nekropolia, Beraungo muinoan aurkitu ziren termak, eta beste indusketa desberdin asko ere. Aiako Harria mendiguneko inguruan dauden Arditurri meategiak aipatu behar dira ere non erromatar garaiko ingeniaritza hidraulikoaren berezko drainatze-sistema sofistikatu bat ikus daitekeen. Holako meatze-uztiapena ezinezkoa litzateke denboran zehar garatzea eta mantentzea izango bere zerbitzurako administrazio-egitura sendorik gabe. Dena den, behin-betiko mugarria 1992an kokatu zen, Irungo Santiago kalearen azpian I. mendeko kai baten zurezko egitura agertu zenean: Oiasso hiriko portua aurkitu zen. Munduan ezaugarri hauetako erromatar bi portu dira besterik ez, Londresen eta Irunen, baskoien benetako portu-civitas. Beraz, euskal nortasuna aldarrikatuz aurkikuntza hori gutxietsi nahi duenik badago, barregarri geratzen da, EAJren ezetza instituzionala gainditu izan ez balute proiektua aurrera eramatea ezinezkoa izango zela esaten jarraitzen dutenek bezala.

Ba, kultura zabaltzeko, Irungo 'Oiasso Museoa'. Nagusitasun moral eta baztertzailea erakusten dituzten guztientzat, Irun, Oiasso erromatarra. Eta orduan bezala, hona hemen gaurko irundarrok zoru bera zapaltzen.

⚫⭕🔴












                                                                                                                                              
                                                                                                                                               ⚫⭕🔴

martes, 12 de julio de 2022

2022 07 12_Artikuluak_DEIA_DdNNav_NdG_25 urte pasata ere 🖤🖤🖤

 



25 urte pasata ere ____________

 Gaur Miguel Angel Blancoren hilketaren urteurrena da, 25 urte dagoeneko. Bi egun lehenago, 1997ko uztailaren 10ean, ETAk bere bahiketa aldarrikatu zuen Aznarren Gobernuari ultimatum zitala bat botaz: presoen askatasuna edo Ermuako PPren zinegotziaren bizitza. Gogoan dut oraindik sentitu nuen urradura, ezintasuna. ETAk ez zuen gizatasun hatsik txikiena ere inoiz erakutsi izan baina izugarrikeria honek, gazte baten hilketarako atzera kontua publikoki erakutsita, imajina zitekeen guztia gainditzen zuen. Terroristek mehatxua bete ez zezaten zeruari erregutu besterik ezin genuela egin pentsatzen nuen, denok genekielako Gobernuak ez zuela holako xantaia onartuko, terrorismo hutsa. Baditut nire erretinan inoiz ahaztuko ez ditudan irudiak: eskuzabaltasuna, mina, enpatia... eta oraindik sentitzen ahal dudan amorrua ere bai. Benetan garai gogorra izan zen: alde batetik, Blanco familiaren samina arintzeko asmorik txikiena izan ez zuten ezker abertzaleko arduradunak eta politikariak zeuden, egunkari batzuen azal zitalekin lagunduta, eta bestaldetik, batasun-politika bertan behera uztea batzuen giraldi alderdikoien ondorioz, 'denak ETAren aurka' leloa 'dena ETA da’ bihurtu zutenak hain zuzen, non ETA = abertzaletasuna, noski. Joko zikin hau gaur ere nabarmen ikusten dela esango ez banu hipokresiaz bekatu egongo nuke: gutako batzuek elkargune etiko bat zela uste genuena manipulazio politikorako gune eskuraezin bihurtu zen laster. Gaur egun, ezin hobeto koipeztaturiko tresna ideologiko bat izaten jarraitzen du, ETAk izandako biktimen memoria baliatuz. 25 urte pasata ere, zein etsipen izugarria...

Hau esanda, ETAren gainerako biktima guztientzat ere, nere oroitzapenik zintzoena Miguel Ángel Blancorentzat, euskal gizarte osoa zutik jarri zuena, bere askatasuna eskatzearekin batera guztiona defendatzen genuelako. Era berean gaur ere, orduan bezala, aurre egin beharko diegu ETAko terroristei beren izenez deitu gabe jarraitzen dutenei: hiltzaile. Orduko koldar berberak dira. Betikoak.                                                                                            ________________________

💔💔💔


🖤🖤🖤