martes, 8 de octubre de 2024

2024 10 08_DEIA, DdNN eta NdG_Zinismoa Marka Espainia. Beste behin.






















________ Zinismo Marka Espainia. Beste behin.

Gaur egungoa bezalako garai nahasi batean, non nazioarteko egonkortasuna oso kolokan dagoen –Ukrainako gerra, ebazpen azkar baten itxurarik gabe edota Israel, genozida batek gidatua, palestinarrak suntsituz eta Ekialde Ertainari su emanez- zaila egiten da beste gatazka ireki batzuek merezi duten arreta bereganatzeko modua aurkitzea. Mendebaldeko Saharakoa, hau da, saharar herriaren aitortza eta bere autodeterminaziorako eskubidea Nazioarteko Zuzenbidearen eta Nazio Batuen doktrinaren babesean, horietako bat da. Ba da, egun hauetan albiste garrantzitsu baten protagonistak izan dira, hain argigarria gainera, ezen Sanchez Gobernuak ezkutatzea eta isiltzea erabaki baitu.

Joan den ostiralean, urriaren 4an, Europako Justizia Auzitegi Gorenak behin betiko epaia eman duen, Mendebaldeko Saharako baliabide naturalak ustiatzeko Marokorekin sinatutako merkataritza-akordioen ondorioz EBn duela 8 urte irekitako auzian. Epai horrek erabat ezesten ditu garai ditu bere momentuan EBko Kontseiluak eta Batzordeak –baita zenbait estatu kidek ere, Espainiak barne– instantzia-auzitegiaren epaiaren aurka aurkeztutako kasazio-errekurtsoak. Gainera, historikotzat jo daiteke, bi zentzutan: alde batetik, EBk eta Marokok 2019an arrantzari eta nekazaritza-produktuei buruz sinatutako akordioak baliogabeak direla berariaz adieraziz, Mendebaldeko Saharako herriak inongo baimenarik eman gabe, herrien autodeterminazio-eskubidearen printzipioak urratuz egin zirelako; bestaldetik, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzea legez kanpokoa dela, haren subiranotasuna saharar herriari dagokiola eta Fronte Polisarioak bere ordezkari bakarra eta legezkoa izateko zilegitasuna duela aldarrikatuz. Bada, Marokok baieztatzen du ez dagoela inola ere epai horren menpe, aldebiko adostutakoa betetzea exijituz, eta Espainiako Atzerri-ministroak adierazten du Gobernuak errespetua diola Auzitegiaren erabakiari, satrapa alauiarekin duen lotura estrategikoa berretsiz eta horri eusteko borondatea.

Zinismo Marka Espaina. Beste behin.



martes, 1 de octubre de 2024

2024 10 01_Deia, DdNN eta NdG_Txomin Aurrekoetxea



 

___________ Txomin Aurrekoetxea 

Ezin zitekeen bestela izan... Duela ia 30 urte, Sahararekin lotutako topaketa batean ikusi genuen elkar lehen aldiz, Irungo Udaleko zinegotzi hautatu berria nik eta berak legebiltzarkide beteranoa. Pertsonalki ezagutzen ez banuen ere, bere ibilbidea zelata nenbilen ni aspaldi: irmo mantendutako euskararekiko konpromisoa, haren hurbiltasuna eta adeitasuna eta, parlamentu-mailan, saharar herriaren kausaren defentsak ahots guztiz aitortua bazuen, berea zen, ez Gazteizko Legebiltzarrean soilik, zeren eta estatuan Sahararekiko Elkartasun Talde Parlamentarioen Koordinakundearen bozeramailea baitzen. Eta Sahararekiko Erakunde Solidarioen Estatuko Koordinatzailea ere izan zen, deitzen zaion eta haretaz behar den lekura, edonon, edonoiz, joaten zena. Berdin zion izan prestaketa-bilera hutsak, Europako Parlamentuan edo Nazio Batuetan bertan egindako esku-hartzeak, kongresu politikoetan parte-hartzeak, Nazioarteko Konferentziak, Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduetara bidaiak... Edo telefono dei soil baten bidez gure esanetara egotea, beti prest aholkua helarazteko edota informazioa erkatzeko. Ez dut inoiz ahaztuko nola, behin batean, Senatuko Osoko Bilkuran Atzerri-Ministroarekin sahararrien borroka eta eskubideak defentsan izan nuen debate sutsua bukatu ondoren, deitu zidan haren babesa, eskerrak eta emozioa adierazteko. Tira… Irudipena dut, ozenki hitz egiten ari banintz bezala idazten ari naizela gaur, zezelduz, presaka eta modu korapiltsoan, nerbio-berriketa modukoan, hunkitua eraginkorra baino gehiago. Eta badakit asko esango nizuekeen arren, ez nintzatekeela inoiz berak merezi duen mailara iritsiko. Sahararren aldeko ekintzaile huts bat naizelako maisu erraldoi bat gogorarazten, EAJko militante xume bat ohorezko jelkide baten aurrean, apala, zintzoa eta izugarri eskuzabala.

Joan den igandean, Alderdi Eguna, Txomin Aurrekoetxea Iza Jna, zendu zen, bihotza uzkurtuta daukat nik. Ene lagun maitea… Agur! Egun handirarte! Askatasunaren zeru maitatuan izar berri bat JELpean distiratzen da.

martes, 24 de septiembre de 2024

2024 09 24_DEIA, NdG eta DdNN_Paper erre





_________ Paper erre

Hamasek zibil israeldarren aurka joan den urriaren 7an egindako eraso terroristatik hona, tentsioak, gutxitu beharrean, aurreikusi ezinezko dimentsioko gatazka bati hasiera ematen ari dio. Gazan zein Zisjordanian erasoaldia gogortu du Israelek, eta ekintza militarra Libanoko hegoaldean areagotu egin du ere. Horren aurrean, bilerak, ebazpenak eta goi-arduradunen adierazpenak bultzatu ditu NBE-k. Besteak beste… Irailak 16a, Segurtasun Kontseilua: Sigrid Kaag-ek -Gazarako koordinatzaile nagusia- Israelek eragindako krisi humanitarioak 'Gaza amildegi bihurtu duela’ ondorioztatu du Irailak 18, Batzar Nagusia: gehiengo handiz ebazpen bat onartu zen, Israeli, 'Nazioarteko Justizia Gorteak erabakitako ebazpenak betetzea’ eskatuz'; Irailak 19a, Ann Skelton Haurren Eskubide-Batzordeko presidenteak berresi du Gaza-zerrendan '16.756 haur hil direla, 21.000 desagertutzat jo direla eta 17.000 bakarrik edo familiengandik bananduta daudela'; Azkenik, irailak 20a, Segurtasun Kontseiluaren larrialdiko bilkuran: Volker Türkek Giza Eskubideetarako Goi-Mandatariak, Mossadi egotzitako Libanoko lurraldean Hezbolaren aurkako gailu mugikorren leherketei dagokienez, bereizi gabeko milaka biktima eraginez, 'Nazioarteko Zuzenbide humanitarioa urratzen dituela’ salatu du, eta 'isolaturik ez den indarkeria dela, baizik eta Gazako gerrarekin, Zisjordaniako goranzko indarkeria-espiralarekin eta lurralde palestinarrak okupatzearekin lotuta dago'; aldiz, Rosemary DiCarlo Gai Politikoetarako Idazkari Nagusiaren Ondokoak 'gauzak dauden bezala jarraitzen badute, orain arte ikusitako hondamendia eta sufrimendua eklipsa ditzakeen gerra-pizte baterantz goazela' ohartarazten du. Den-dena, paper erre.

Israel, handiturik, eroso eta guztioz barre eginez zigorgabeki, bere azken helburua irmo eta argi erakusten duen prozesuan: Israelgo Estatu judua behin betiko osatzea, Jordan ibaiatik Mediterraneora, Palestina historikoko lurraldea. Eta izua tresna gisa erabiltzen. Tira, haien Jainkoaren legea ez dute ere errespetatzen.