martes, 10 de mayo de 2022

2022 05 10_DEIA eta Diario de Noticias de Navarra_Artikuluak_Egin otoitz nire alde... 💔







































_______ EGIN OTOITZ NIRE ALDE

Joan den larunbatean, Afganistango emakume guztientzat burka nahitaez erabiltzeko agindua eman zuten talibanek, leku publikoetan zein pribatuetan familiatik kanpoko gizon baten aurrean egonez gero. Egia esan, 2021eko abuztuan fundamentalistek boterea berreskuratu zutenetik emakume afganiarren aurkako ekintzak indartu egin dira haien eskubide-murrizketen zerrenda luzatuz: tutore batekin baino ezin dute bidaiatu, administrazio publikoaren lanetatik bota egin dute, Kabulgo parke publikoan emakumeak eta gizonak bereizteko agindu dute eta, duela aste batzuk, bigarren hezkuntzatik kanpo geratu dira neskak eta horrekin batera unibertsitatera sartzeko aukerarik ez. Eta orain, kolperik efektisteena, burkaren inposaketa. Talibanen lehen garaiaren (1996-2001) gero eta antz handiagoa duen errealitate baten aurrean egon arren, bereziki mingarria den déjà vu batean non emakumeekiko laidoa gogortu eta zorroztu bait den, nazioarteko komunitatea, baita gobernuak ere, epel-epela agertzen dira. Zera, gaurko emakumeak orduko berberak ez dira, denbora honetan beren alabei etorkizuna eta aukera desberdinak eskaini ahal egiteko irmo lan egin baitute. Eta hona hemen berriro, burutik oinetaraino estaliak, izkutuak, borondate propiorik eta eskubiderik gabekoak, hola nahi dituzte talibanek, ezin dut imajinatu ere senti ditzaketen ezintazuna eta amorrua. Ezta The Guardian egunkariaren artikulu batean neska gazte baten testigantza irakurrita ere, testuak hola zioen:

Duela bi egun etxetik ihes egin nuen Afganistan-iparraldeko nire hirira talibanak iritsi eta gero. Ihes egiten jarraitzen dut inongo leku segururik ez dagoelako niretzat. Joan den astean kazetaria nintzen, gaur nire izena ere ezin dut esan. Beldur naiz, ez dakit zer gertatuko zaidan. Mesedez, egin otoitz nire alde… 

Zure alaba izan liteke, edo nirea, zorionez ez da. Hori jakinda, lasai bizi gaitezen. Azken finean, bere ardatzean eta eguzkiaren inguruan biraka jarraitzen du lurrak, den-dena ondo dago ba... 
Otoitz egin? Benetan? 
Zuk zeuk.




    💔💔💔

No hay comentarios:

Publicar un comentario