Nahiago nuke __________________
Efektu orok, definizioz, eragiten duen arrazoiari erantzuten dio. Bestela esanda: kausak azaltzen du zergatia, efektua, berriz, gertatutakoaren deskribapena. Batzuetan, efektu horren irismena bereizteko izen bat gehitzen zaio. Eta dagoeneko badugu zein testuingurutara jo. Tira, ezerezetik era guztietako gatazkak sortarazteko gizakiek dugun gaitasuna ezagututa, orain Streisand-efektu deritzonak lagunduaz, oso erraza da eztabaida antzuak piztea. Gehi diezaiogun horri gaurko Internet-komunikazioaren fenomenoak eskeinitako beste osagai batzuk: mezu biralak, berri faltsuak eta protagonismo-irrika. Eta, noski, 'badaezpada’ famatua ere. Gogora ditzagun orain koronabirus-pandemiaren hasieran komuneko papera konpultsiboki erosi izana, Ukrainako gerraren ondorioz ekilore-olioaren erosketa handiak edo, egun hauetan, behar ez dugun jakinez izotz-poltsa pila eskuratzearen tontakeria. Argi daukat komunikabideen gehiegizko jarduera orok kontrolik eza, arinkeria eta desinformazioa sustatzen dituela. Eta gertaere anekdotikoetan ondorioak baditu, imajina dezagun zein arriskutsua eta ezuztekoa izan daitekeen pertsonen askatasunari eragiten dioten kasuetan: jai-guneetan emakumeei egindako ziztadez ari naiz, bai. Argitaratutako guztiari adi, behin eta berriz galdetzen diot nere buruari: informazio-tratamendua, egokia izaten ari al da? Benetan gertatzen ari denari erantzuten al dio edo horretaz baliatzen al da? Eztabaidak eta analisiak, ondo kokaturik daude? Ez al litzateke arreta-fokua biratu behar erasotzaileen portaeruntz -haien asmoa edozein dela ere- biktimarena aztertu beharrean? Izan ere, pasatzen ari denaren ondoriorik berehalakoena beldurrera bueltatzea dela begi bistakoa da, emakumeen erabateko seguru eta aske sentitzeko eskubidearen kontura eginez berriro ere. Eta onartezina da.
Nahiago nuke zentzugabekeria hori uxatuko duen tximeleta-efektu bat pizteko modua aurkituko bagenu, intolerantziaren fitxa guziak banan-banan eraisteko gai den domino-efektu bat eragingo duena. Agian.
No hay comentarios:
Publicar un comentario