_______ Sahara aske! Sahara hurra!
Otsailaren 27a urrezko letretan markatutako eguna da saharar herriaren historian: 1976ean, Espainiak bere 53. probintzia izandakoaren lurraldea atzeko atetik utzi ostean, Fronte Polisarioak -sahararren ordezkari legitimoa eta bakarra- Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa-RASD aldarrikatu zuen Bir Lehlu herrixkan. 47 urte igaro dira dagoeneko eta saharar herriarekiko zor historiko, juridiko eta morala du Espainiak oraindik bizkarrean. Ez naiz haren hiritarrez ari, Espainiako Erresumaz baizik. Eta gaur, zehatzago, Sánchez gobernuaz, inolako disimulurik gabe Marokoko erregimen usteleko aurrean behin eta berriro belaunikatzen dena. Hala da, ez dago aitzakiarik PSOEk Mendebaldeko Saharari dagokionez egin duen norabide politikoa justifikatzeko: azken urteotan diskurtso kontraesankorrak izan arren, inoiz ez zen nazioarteko legezkotasunetik eta NBE-ren doktrinatik alde egitea ausartu. Gaur egun, hala ere, Mendebaldeko Sahararen Marokoko subiranotasuna defendatzen du gobernu sozialistak, giza eskubideen urraketa eta askatasun publikoen gabezia ezaugarri dituen erregimenarekin aliatuz estrategikoki. Testuinguru horretan, egoki deritzot galdetzeari: Ukrainaren kasuan, Putinen Errusiak militarki inbadituta, Sánchez gobernuko jarrera gerra-ekintzak gaitzestea, erasotako herria babestea eta haren alde ekitea izan bada, beraz… zergatik ez Saharako kasuan ere? Ze, 1976 geroztik, Marokok egindako benetako genozidioa bizi izan ondoren, sahararren lurraldea ilegal- eta militarki okupaturik baitago. Eta Hassan II. zein Mohamed VI. semea Putinen ispilu odoltsu berean isladatzen badira, beraz Ukrania- eta Saharako herriak borrero berberaren biktimak dira ere. Eta sahararren kasuan, Espainia Maroko konplize izanik. Dena den, izandako Martxa Berdea deiturikotik, sekula ez dio bere burua bezain merke Marokori saldu Espainiako Gobernu batek Sánchez gobernuak baino. Eta ez dago egi hori ezkutatu dezakeen inongo maniobra politikorik.
Atzo, otsailak 27, gaur eta beti… Sahara aske! Sahara hurra!
No hay comentarios:
Publicar un comentario