________ Mezularia isilaraztea
Gazako Zerrenda benetako infernu bihurtu da. Palestinar-israeldarren arteko gatazkaren une honetan, gazatarrek bizi ari direna azken aldiko gertakizunarik odoltsuenetako bat bezala gogoratuko denik inork ez du zalantzan jartzen: joan den urriaren 7tik, Israelek 15.000 zibil palestinar baino gehiago hil ditu -tartean 6.000 haur inguru- eta milaka eta milaka zaurituak izan dira. Hildako israeldarrak 1.200 dira eta Hamasek 200 bahitu ditu oraindik. Bada, hala ere, izugarrikeria berearen islada den beste zifra bat, lehen unetik etengabe hazi eta beste guztien pisu itzelaren azpian oharkabean pasatzen dena. Senide- eta bizilagunekin batera egindako bonbardaketen ondorioz zein jardunean eraildako kazetariez ari naiz: 57 dira, Mugarik Gabeko Erreportarien txostenaren arabera. Tira, beste zifra ezagun batzurekin alderatuta, hau anekdota hutsa bat besterik ez litzateke izango, testuinguruan kokatzen ez badugu soilik: azken hilabete t'erdian Gazan hildako kazetariek berdindu egiten dute profesional eraila erregistratutakoen kopurua urtebetean munduan. Horrek argi uzten du agerikoa dena, koldarren estrategia: mezularia isilaraziz informazioa isilarazten dute, basakeriaren lekukotza eta frogak deuseztatzen dituzte, eta oztopatu egiten dute palestinarren sarraskirako eta haien lurraldea suntsitzeko ekintzak egiaztatu ahal izatea. MGE-ak salatu du egoera hori dagoeneko Nazioarteko Zigor Auzitegian, ezertarako balioko ez duena gobernuek ez badute salaketa berdin jorratzen. Hainbeste, non nazioartearen presioak Israelek aldarrikatutako su-etena in extremis luzatzea lortzen ez baduen, gaur bertan hasiko dira berriro palestinarren aurkako bereizi gabeko gerra-operazioak.
Gaur ere, azaroak 28a, Pablo González Yagüe euskal kazetariak 21 hilabete bete ditu Europako kartzela batean giltzapetuta eta Poloniako agintariek behin-behineko espetxealdia behin eta berriz luzatu izana justifikatzeko oraindik inolako frogarik ez. Eta Espainiako Gobernua, behin eta berriz, profilean jarriz. Hau lotsa…
❌❌❌