viernes, 14 de junio de 2024

2024 06 11_DEIA, NdG eta DdNN_Emaitzak 🔵⭐⭐



 





























_______ Emaitzak

Pedro Sánchez, beste behin ere, in articulo mortis salbaturik. Ze, Europako Hauteskundeak PPk argi eta garbi irabazi arren -mapa politikotik behin betiko desagertu den Cs fagozitatuz- PSOEk dexente eutsi dion: porrot gozoa portzentaje eta eserlekuetan, sendoa boto kopuruan. VOX zeozer igo egin da Europa astintzen ari den olatu-ultrak bultzatuta, Alvise Pérez probokatzailearen kasu berbera, 3 eurodiputaturekin, izugarria... Podemos-ek 2 eserleku atxiki ditu, SUMAR proiektua egoera deserosoan jarriz honek 3 aulki lortuta ere. EH Bildu osatzen duen koalizioak 3 eurodiputatu lortu ditu -horien artean Pernando Barrena- Euskadin lehen indarra izanez. 

Erabateko arrakasta da, nahiz eta ESQUERRA hondoratu izan Katalunian. Baita JUNTS-ena ere: mantentzen duten eurodiputatu bakarra Puigdemont da. Eta, EAJ-k eutsi egiten badio ere Europan zuen aulkia atxikituz -zein hautagai bikaina izan den Oihane Agirregoita, eta hautagaitzako beste jokalari bat, energiaz eta lan onez betetakoa, ere aipatu nahi dut, Aitana Agirre-, Bizkaian bigarren indarra izatea, Gipuzkoan hirugarrena eta Araban laugarrena, edozein dela ere honen guztiaren arrazoia, oso emaitza pobrea da, Europako aurreko hauteskundeekin alderatuta ia 12 puntu galdu izana. Botila erdi beteta edo erdi hutsik ikustea gehienetan galtzaile txarraren aitzakia bada, hitzak soberan daude jada. Gogoeta sakona behar da, behar dugu. Azkenik, ultraeskuinak Europako ardatz franko-alemaniarra gogor astindu du: Marie Le Pen-ek zanpatu egin du Frantzian, baita Iparraldean ere, Macron presidenteak Asanblea Nazionala desegiten du hauteskunde legegileak hemendik aste pare bat egiteko, ezezaguna... eta Alemanian, bigarren indarra izatea lortu dute. Hala eta guztiz ere, Europarlamentu berriaren argazki finkoan europazaleek gehiengoa mantentzen dute, ahots asko daude garaipentzat hartzen ari direna. Akatsa dela uztet, erabatekoa, ultraeskuinaren oldarra berez porrota baita.

Laburbilduz: gertaeren zain. Etxean zein etxetik kanpo. Hola espero behintzat.