Teknologia berriak deritzotenek gure bizitzan sartu zirenetik, gure egunerokotasuna zorabiozko abiaduran doa. Teknologia ez baita, zentzurik laxoenean ulertuta, ez sortzen ez suntsitzen, geldiezin eraldatzen da, denetan eta guztiongan duen eragina esponentzialki areagotuz. Aurrerabidea, akaso… Izan ere, aurrerabideak berekin dakar eskubide berriak lortzea, desberdintasunak desagerraraztea, komunitate-bizitzaren balioak eta oinarrizko printzipioak indartzea eta ahulak babestea. Eta boterearen arbitrariotasunari kontrajartzen zaio beti eta, tira, horrela egiten ez badu, beste zerbaiti buruz ari gara. Teknologia berriek eta haien garro amaigabeek etengabe eraldatzen ari diren potentziala ikusita, ez dakit nahita kontrolik gabeko deriba baten aurrean gauden edo, sinpleki, inork ez duen oraindik etenaldirako edo hausnarketarako formula aurkitu. Baina argi daukana da gure aldetik zeozer ere jarri behar dugula. Zera… Azken egunotan komunikabideen titular nagusia eduki sexualeko irudien manipulazioa, Adimen Artifiziala delakoaren erabiliz, izan da, testuinguru konkretu batean: irudietan ikusten diren aurpegiak neskenak dira, haien inguruneko mutileek editatuak, batzuk eta besteak, adingabekoak. Zabalduak izan ziren eta, kasuren batean, xantaiarako tresna gisa erabiliz. Ondorio penalak aparte, eskandalagarria eta oso tristea da. Lehenagoz notizia izan ziren beste gertakari batzuetan pasa izan zen bezala: neska-mutilek beren mugikorrekin zaurgarriagoak ziren beste batzuen aurka egiten zituzten umiliazioak eta erasoak –baita sexu-izaerakoak ere– grabatzen zituzten kasuez ari naiz. Hona hemen galdera batzuk: Sistema, tresna teknologikoak, izan al ziren noraeza horren errudunak? Adimen Artifiziala al da orain? Norberarekiko eta besteekiko errespetua, non ikasten da? Goi-mailako informatikako edota formakuntza neoteknologikoko ikastaroetan akaso?
Etorkizuna haurrak eta gazteak badira, gogora dezagun gure erantzukizuna direla. Haien balioak, geureak. Eta beren hauskortasuna, gure porrota. _________________________________
No hay comentarios:
Publicar un comentario