martes, 21 de mayo de 2024

2024 05 21_DEIA, DdNN eta NdG_Jarrai ezazue, jarrai diruaren arrastoa!
































 _____ Jarrai ezazue, jarrai diruaren arrastoa!

"Jesukristoren arabera ebangelioa" haren eleberriari egindako kritiken aurrean, horrela erantzun ohi zuen José Saramagok: nire arazoa ez da Jainkoarekin, fedearen administratzaileekin baizik. Ziur aski, horrekin Eliza Katolikoak mendeetan zehar protagonizatutako historia ilun, dogmatiko eta inkisitoriala aipatuko luke, fedegabeko- edota bekataritzat jotzen direnen aurka kuartelik gabeko jazarpena ezaugarri dituena. Dena den, Saramagoren hitzak edozein garaitara egokitzen direla esango nuke nik. Ze fedearen aritzeak erantzuten baitie, bai ala bai, garai berri bakoitza egituratzen duten mugimendu politiko-sozialei eta, beraz, baita erlijio-botere buru direnen agindu aldakorrei ere. Edo beste edozein iluminaturi, erakundeen suhartasunaz nahiz fede oneko fededunen zaurgarritasunaz baliatzen dena norberaren probetxurako, betiere helburu berarekin: botere, fama eta mugarik gabeko ondasunak lortzea. Zalantzarik gabe, horixe da, hain zuzen ere, azken aste honetan hedabideetara salto egin duen sainetearen azpian dagoena, non ez baita ezer falta: moja klaratarrak mantalarekin, ama-abadesa agintzaile bat, heretikoak, jazartzeak, eskomikuak, zismak, lepagorarekin zerbitzariak, apezpiku faltsuak eta zenbait Aita Santu ez-legitimorik. Benetan bitxia den arren, mugimendu ultrakatoliko eta tradizionalista honek era guztietako sare sozialak erabiltzen dituela jarraitzaile eta kide berriak erakartzeko zein dirua biltzeko, eta edozein plataformatan euren jokabidea azaltzeko bideoak grabatzen dituztela, dozenaka elkarrizketak emanez eta herenegun arte debozioz zerbitzatzen zuten guztiaz arnegatuz.

Egiatan, hau ez dago sinistu dezakeenik. Zerikusi gutxi du fede krisian dauden moja gutxi batzuekin edo haien txokolatezko trufengatik ordaindu beharreko prezioarekin. Eta asko, aitzitik, auskalo noren probetxurako higiezinen trikimailuekin. Izan ere, apezpiku heretiko, iringarri eta hantustetsu baten atzean zeozer gehiago dago, ziur.

Dakitenek diete bezala: jarrai ezazue, jarrai diruaren arrastoa!