martes, 20 de agosto de 2024

2024 08 20_DEIA eta DdNN_Denok pekatari

 

_______ Denok pekatari

Ez dakit ezjakintasuna, ergelkeria, protagonismo-grina, heziketa txarra edo sinpleki gaiztakeria ote den, edota denok batera. Haren irudia iseka edo eskarnio bihurtuz, beste pertsona baten itxura fisikoari buruzko iruzkinak, ez hain atseginak, sare sozialetan argitaratzera, zabaltzera edo partekatzera norbait bultzatzen duenaz ari naiz. Astakerien segida bat in crescendo doana, era mota guztietako iritziak beraganatuz. Eta horrela, hedabideetan titularra berri bat -biktima berri bat, ospetsua izan ala ez- agertzen den arte, dianaz aldatuz baina ez pozoitutako geziez. Eta hurrengora arte. Azken adibidea Paula Leiton waterpolo eta domina olinpikoko jokalariarekin izan dugu. Emakume handia da, terminoaren zentzu guztietan, eta, bere gorputzaz harro erakusteaz gain, dotorezia berdinarekin erantzun die iraindu eta gutxietsi nahi izan dutenei, gizena deituz. Gogoan dut orain antzeko gertaera bat, kasu honetan Itziar Castro aktorearen aurkakoa, baina, zalantzarik ez, mingarriagoa. Izan ere, nahiz eta berak ere bazekien nola ihardetsi, eta maisuki egiten zuen, orduan ezin izan zuen egin, sareak bete zituzten gorroto eta gordofobia mezuen arrazoia bere bat-bateko heriotza izan zelako, hain zuzen ere. Zitalkeria bat, 'iritzi-emaile' guztiak erretratatzen dituena, batzuk izen-abizenekin, gehienak profil faltsu edo izengoitien atzean ezkutatuta. Ohi bezala, aurpegia ez ematea koldarren marka delako. Beste historia ezberdin bat kontu faltsuena da, non horien atzean inor ez dagoen, algoritmo bat akaso, merkatu honetan nagusi den piztia elikatzeko helburuarekin. Izugarria...

Ez dakit zuzena den esatea fisiko- eta itxurari adi bizi garela, baina ez dut uste oker nagoenik besteenarekiko bai egiten dugula esaten badut. Eta epaitu egiten dugu. Eta soilik pentsatuko bagenu, baina ez... izan ere, gehiegitan, inork eskatu ez digun iritzia adierazteko askatasuna hartzen dugu. Eta iritziak, aholkuak bezala, inoiz ez dira eskeintzen, ezta ematen ere, eskatzen dira. Tira, lagunok, denok pekatari.